21 saltokik egin dute bat Elgoibarren emakume zientzialariak bistaratzeko ekimenarekin

Asier Orbea Ostolaza 2026ko otsailaren 3a

Aurten Hego Euskal Herriko 400 saltokik bat egin dute Elhuyarrek sustatutako “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenarekin, tartean Elgoibarko 21ek.

Otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izango da. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu zuen 2016an, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko. Egun horretarako, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimena jarri du martxan Elhuyarrek seigarren urtez, eta Altsasu, Aretxabaleta, Arrasate, Barakaldo, Baztan, Bilbo, Burlata, Durango, Elgoibar, Erandio, Galdakao, Iruñea, Laudio, Legazpia, Mutiloa eta Urdulizeko saltokiek hartuko dute parte, otsailaren 2tik 11ra. Aurten, Nafarroako erakusleihoak gehitu dira ekimenera, eta saltokien kopuruak gora egin du nabarmen: 400 izango dira guztira.

Egur Arte eta Ane Arte tailerren laguntza

Establezimendu bakoitzak (ikusi parte hartuko dutenen zerrenda) emakume zientzialari bati eskaini dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarri dituzte dendan, eta haren ikerketan inspiratuta apaindu dute dendako erakusleihoa. Hala, beraz, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak, eta emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten lagunduko dute. Elgoibarko kasuan, gainera, Egur Arte eta Ane Arte tailerretako haurrek erakusleihoa apaintzen lagundu diete dendariei. Hortaz, artista gazteen sorkuntzekin apaindu dituzte erakuslehioak.

Hamabi zientzialari omenduak

Aurrekoetan bezala, seigarren edizio honetan ere, hamabi zientzialarion inguruko ginkana publikoan parte hartzeko aukera egongo da. Saltokiz saltoki, emakume protagonisten inguruko galderei online erantzunez osa dezakete ginkana herritarrek. Bestalde, ekimenean parte hartzen duten herrietako ikastetxeek paperean osatzeko bertsioa jasoko dute, aukera izan dezaten ikasleekin erakusleihoak bisitatzeko eta emakume zientzialariok gertuagotik ezagutzeko. Aurtengo edizioan, emakume  zientzialari hauek omenduko ditu Elhuyarrek: 

  1. Jane Goodall (Londres, Erresuma Batua, 1934-2025). Primatologoa
  2. Mari Luz Guenaga Gómez (Eibar, Gipuzkoa, 1975). Informatika-ingeniaria
  3. Ola Arafat (Gaza, Palestina, 1977). Famazialaria eta ekintzailea
  4. Marie Anne Gillan Boivin (Versailles, Frantzia, 1773-1841). Emagina eta asmatzailea
  5. Yásnaya Aguilar Gil (Ayutla Mixe, Mexiko, 1981). Hizkuntzalaria
  6. Elisabeth Rasekoala (Lagos, Nigeria, 1960). Kimika-ingeniaria
  7. Amaia Ortiz Barredo (Gaubea, Araba, 1965). Fitopatologoa
  8. Ruby Payne-Scott (Grafton, Australia, 1912-1981). Fisikaria
  9. Hong Wang (Guillin, Txina, 1997). Matematikaria
  10. Lourdes Herrasti Erlogorri (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1958). Historialaria eta antropologoa
  11. Rebecca Lee Crumpler (Christiana, AEB, 1831-1895). Medikua
  12. Olatz Ortega Vidales (Bilbo, Bizkaia, 1997). Ekotoxikologoa

Horrez gain, “Otsailaren 11 erakusleihoak” egitasmoan ikusgai egongo diren irudietan oinarriturik, “Zientzia-emakumeak argira” erakusketa zabalduko dute otsailean herri hauetan: Aretxabaleta, Barakaldo, Baztan, Berriozar, Burlata, Donostia, Eibar, Izarbeibar, Legazpi, Ordizia, Tafalla eta Urduliz.  

Ekimen hau duela sei urte sortu zuen Elhuyarrek Bizilaberen barruan, hau da, gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-eskaintzaren barruan. STEAM hezkuntzaren bitartez, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatzen, eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie gazteei, uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko. 

  • www.elgoibar.eus webgunean "O11 erakusleihoak" gunea egongo da. Bertan, parte hartuko duten saltokien zerrenda eta erakusleihoen argazkiak jasoko dituzte. Honako esteka honetan, herri bakoitzean klik eginda, iazko saltokiak ikus daitezke.
  • Gainera, emakume omenduen horma-irudiak eta istorioak eskuragai daude Bizilaberen Otsailaren 11 webgunean.

Elgoibarren parte hartuko duten 21 saltokiak:

Mari Luz Guenaga Gómez (Eibar, Gipuzkoa, 1975) informatika-ingeniaria Uzuriko erakusleihoan.