ELKARRIZKETA

'Trajea' antzezlana taularatuko dute barikuan, 19:00etan, Elgoibarren

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko otsailaren 3a

Joseba Apaolaza eta Asier Ormaza.

Txalo Produkzioak taldearen eskutik Trajea antzezlana ikusteko aukera izango da barikuan Elgoibarko Herriko Antzokian, 19:00etan.  

Fikziozko antzezlana da Trajea, baina errealitatetik ere badauka. Hiriburuko saltoki handietako merkealdiaren lehen egunean girotuta dago istorioa, eta sarritan ikusten diren irudi horietako bat errepikatuko da: jendea tropelean sartuko da eta istripu bat gertatuko da. Segurtasun-langile batek negozio-gizon bat galdekatu du, traje bat erostera etorri delako eta gertakariekin zerikusia izan duelako. Asier Hormaza izango da eroslea eta Joseba Apaolaza, berriz, segurtasun-langilea.

Sarrerak online eskuratzeko aukera dago Herriko Antzokiaren webgunean, baina leihatilan bertan ere egongo da aukera erosteko.

  • Zertan datza Trajea obra?

Pertsona bat atxilotuta eramango dute merkataritza-gune handi bateko segurtasun-arduradunaren bulegora. Ni naiz segurtasun-arduradun hori, eta atxilotua, Asier Hormaza. Traje bat eskuratu nahian liskar batean sartu da, eta zaurituren bat ere badago tartean. Hori da abiapuntua, eta hortik hasita joango da ikuslea gauza berriak deskubritzen.

  • Bai bata zein bestea ez dira oso ohiko pertsonaiak, ezta?

Halaxe da, bai. Atxilotutako pertsona horrek arazo laboralak zein domestikoak ditu, eta, hori gutxi balitz, aurrean egokitu zaion segurtasun-langilea ere ez da pertsona arrunta; nolabait esateko, baditu bere anormalidadeak. Ikusiko dugu zer egiteko kapaz den pertsona bat horrelako muturreko egoera batean.

  • Zenbat dauka errealistatik eta zenbat fikziotik?

Ez nuke esango guztiz errealista denik, baduelako pixka bat absurdotik eta baita ere surrealismotik, baina, duda gabe, errealitatean gerta daitekeen egoera biziko dute bi protagonistek. Merkealdiko lehenengo eguna da, eta nik neuk ere une batean esaten dut, "merkealdia gehiegi iragartzen dute eta jendea zoratu egiten da", etxearen kontra eginez, nolabait. Egia da gero egoera gaiztotu egingo dela, agian errealitatean gertatuko litzatekeena baino gehiago, baina gerta liteke. 

  • Zein estilotako obra da?

Hitz-jokoa eginez eta erdi txantxetan trajekomedia bat dela esaten dut. Gure neurrira egindako komedia bat da, eta gu ere saiatu gara umorea areagotzen, surrealismo horri umorezko osagai batzuk gehituz. Asier Hormaza eta biok aspaldiko lagunak eta lankideak gara, eta horrek erraztu egiten du gure lana. Elkar ezagutzea abantaila bat da, ondo ezagutzen ditugu gure joerak, eta abantaila hori aprobetxatu egin behar da. Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza.

  • Ze erantzun jasotzen ari zarete antzokietan?

 Esango nuke ikusleak oso gustura irteten direla antzokitik. Autoreak proposatzen duen umorea oso berezia da, eta, orokorrean, jendearen erreakzioa ona izaten da. Funtzioak badu suspense moduko trama bat ere bukaeraraino irauten duena, eta horri esker ikusleak ondo heltzen dio obrari.

  • Iruditzen zaizu jendea umore bila joaten dela antzerkira?

Baietz esango nuke. Egungo errealitatea nahiko dramatikoa da, eta jendeak badauka barre egiteko beharra. Joera hori aspaldikoa dela iruditzen zait, eta konpainiek ere badakite umoreak ondo funtzionatzen duela. Guk esku artean dugun lan hau erremedio polita da tarte eder bat pasatzeko eta ordubete pasatxoan, behintzat, Trumpen kontu guztiak albo batera lagatzeko. Elgoibarren askotan izan gara, hainbat obrarekin, eta gustura joaten gara beti. Publikoak ondo erantzuten du, eta datorren otsailaren 6an ere antzokira joatea erabakitzen duenak ez du damurik izango.