Bidegiko iturriek jakinarazi dutenez, azkenengo azterketan hainbat gabezia atzeman zituzten zubibidean; nagusiki, bi: zubiari eusten dioten kableak tenkatzeko beharra eta paretako zenbait materialen degradazioa. Iazko udazkenean, gabezia horiek eta beste hainbat konpontzeko lanak abiatu ziuzten, eta egingo dituzten lanen artean, zubibidearen monitorizazio sistema aktibatzeko zuntzak ere ezarriko dituzte.
Pasabidea makinentzako
Konponketa lanak egiteko, datozen hilabeteetan sei zurkaizte-dorre eraikiko dituzte, eta, katu hidraulikoak baliatuz, zubibideari eutsiko diote. Horrela, tenkatzeko kableak berritu bitartean, ibilgailuak bertatik igaro ahal izango dira. Bestalde, dorreak instalatu ahal izateko, behin-behineko bi plataforma eraiki dituzte Deba ibaiaren ibilguan, eta pasabidea ere bai, lau kutxa prefabrikaturekin, makinak pasatu ahal izateko. Horrez gain, hiru arkupe babesgarri ere ezarriko dituzte: bat trenbidearen trazaduraren parean, beste bat bidegorrian eta hirugarrena N-636 errepidean, obrak egin bitartean eror daitezkeen objektuak saihesteko helburuarekin.