Osasun mentaleko patologiak eta nahasmenduak ugaritu egin dira Elgoibarko nerabeen artean

Ainara Argoitia Arano 2026ko otsailaren 6a

Elhuyar, Danobatgroup eta Udaleko ordezkariak: Pilar Iranzo, Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute, Julian Aizpurua, Maialen Gurrutxaga, Maialen Aranguren eta Erika Lehr. Arg.: Jabi Leon

Elgoibarko nerabeen ongizate emozionalari buruz egindako azterketaren emaitzak aurkeztu zituen asteazkenean Udalak. Zurrunbiloa proiektuaren baitan egin dute diagnostikoa, Elhuyar erakundearekin eta Danobatgroupekin elkarlanean, eta emaitza argigarriak bezain kezkagarriak azaleratu ditu.

Bi ondorio nagusi eman ditu ikerketak:

  1. Batetik, joera orokorra errepikatzen dela Elgoibarren, eta herriko nerabeen artean ere ugaritu egin direla osasun mentaleko patologiak eta nahasmenduak, 0-20 urte bitarteko haurren eta nerabeen %20,3k osasun mentaleko diagnostiko klinikoren bat dutelako edo izan dutelako.
  2. Bestetik, psikofarmakoen kontsumoak goranzko joera nabarmena izan duela azken hamarkadan. Gaur, nerabeen %9,5ek hartzen dituzte psikofarmakoak. Farmakoen artean, antsiolitikoak eta psikoestimulatzaileak kontsumitzen dira gehien. Datu bat egoeraren larriaz jabetzeko: hamar urtean, antsiolitikoen preskripzioa sei aldiz hazi da.

Nolanahi ere, azterketa horrek erakutsi duen irudiaren zati bat da hori, baduelako, zorionez, beste alde bat ere, diagnostikoak erakutsi baitu Elgoibarrek "oso ekosistema aberatsa" duela egoera horri aurre egiteko. Hala adierazi zuen txostenaren aurkezpenean Zurrunbiloa proiektuaren arduradunetako batek, Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute Elhuyarreko kideak. Elgoibarko udaletxeko udalbatza aretoan aurkeztu zizkioten prentsari azterketaren ondorio nagusiak, aurrez proiektuan parte hartu duten eragile guztiekin partekatu ostean.

Prentsaurrekoan, Julian Aizpurua Danobatgroupeko lehendakariak eta Maialen Gurrutxaga alkateak parte hartu zuten, Aitziber Agirre Ruiz de Arkauterekin batera, eta hirurek esker on hitzak izan zituzten Zurrunbiloa proiektuan parte hartu duten guztientzat. Orain, diagnostikoa esku artean dutela, hausnarketa-prozesua hasiko dute nerabeekin lan egiten duten eragile publikoekin, herri-mailan dauden erronkak identifikatu eta etorkizunean zertan esku hartu behar den erabakitzeko. 

Gazteen euren ahotsa oinarri

Hiru informazio-iturri nagusik emandakotik edan dute ikertzaileek diagnostikoa osatzeko. Lehenengo eta behin, Elgoibarko ikastetxeetan matrikulatutako 12 eta 16 urte bitarteko 536 neraberen ahotsa jaso dute. Zurrunbiloa proiektuaren lehenengo fasean, osasun mentaleko arazoak dituzten lau gaztek ere parte hartu zuten, eta, ikastetxeetan egindako lanketan, nerabeek haiei kontatutakoa bildu dute, batetik, bai eta lanketa horren ondoren gazteei betearazi zieten inkestako emaitzak ere. Bestetik, Osakidetzak emandako Elgoibarko datuak ere aztertu dituzte; eta, azkenik, herrian nerabeekin lan egiten duten eragileek egindako ekarpenak jaso eta aztertu dituzte. Datu horiek guztiekin osatu dute erretratua, eta nerabeen presio-iturri eta kezka nagusiak izan daitezkeenetan jarri dute arreta.

Ondorioa garbia da: nerabeek presio handia bizi dute, eta presio hori hiru bektore nagusiren bidez jasotzen dute: familiatik, hezkuntzatik eta lagunartetik. Horrek, jakina, ondoez handia eragiten die gazteei, eta horren ondorio dira osasun mentaleko arazoak leuntzeko gazteen %9,5ek psikofarmakoak hartzen dituztela.

Lau presio nagusi

Askotarikoak dira presioak, baina lau nabarmendu dituzte aztertzaileek.

  1. Presio akademikoa da bat, nagusia. Izan ere, nerabeen %49k aitortu dute kezka handia eragiten diela nota onak lortzeak.
  2. Presio estetikoa ere sentitzen dute gazteek, eta, bereziki, neskek, baina, gero eta gehiago, mutilek ere bai. Genero osagaiak pisu handia du oraindik gai horretan, datuek erakusten dutenez. Nesken %41ek aitortu dute beren gorputza ez gustatzeak eragiten diela min handiena, baina okerrena da gorputz-irudiari lotutako ondoeza normalizatzen ari dela.
  3. Kirolean errendimendu ona izatearen presioa ere sentitzen dute gazteek, mutilek gehiago neskek baino: mutilen %23,4ri eragiten die kezka kirolean nahikoa ona ez izateak, eta nesken %15,3ri.
  4. Lagunek eragindako presioa da laugarren presio-iturri kezkagarria. Inkestatutako gazteen %36,8k aitortu dute min ematen diela lagunen bazterketak, eskola jazarpenak eta lagunik ez topatzeak.
Gehiegikeria-zantzuak ohituretan

Beren ohiturez ere galdetu diete gazteei, bai eta gehiegikeriaz jokatzen duten haietan ere, adikzioraino iritsi ezta ere, eta sakelako telefonoa gehiegi erabiltzen duen ustea agertu du kopuru handi batek. Esate baterako: 16 urteko hamar neskatik zazpi dira ihesbidea telefonoan topatzen dutenak (%69), eta hamar mutiletik lau (%44). Gazteek egiten duten gehiegikerietan garrantzia du generoaren osagaiak. Esaterako: nesken %51k aitortu dute antsietatez jaten dutela –mutilen %26–, eta %20k onartu dute gehiegi gastatzen dutela arropatan eta makillaje kontuetan. Mutilen kasuan, aldiz, substantziak kontsumitzeko joera handiagoa dago. 16 urteko gazteen %26k alkoholarekiko gehiegikeria aitortu dute, %24k pornoarekikoa eta %13k droga gogorrekikoa.

Laguntza premia, eta eskatzeko ezina

Gazteen osasun mentalak okerrera egin badu ere, laguntza premian direnek zailtasunak dituzte laguntza eskatzeko. Eta badira bi datu azpimarratzekoak: batetik, nerabeek sentitzen dutela beren ondoeza oharkabean pasatzen dela; eta, bestetik, ondoez horri bakarrik egiten diotela aurre askok. Datutan, hemen: gazteen %11,2k diote inor ez dela jabetzen gaizki daudenik, eta, aldi berean, laguntza beharrean daudenen %36,7k zailtasunak dituzte laguntasuna eskatzeko, ez dutelako izan behar besteko ezagutzarik dauden baliabideez edo izan zailtasunak dituztelako gurasoei edo gertukoei eskatzeko. 

Genero aldagaiak, edo zehazki maskulinitatea ulertzeko mutil askok duten moduak, eragin handia du hemen ere. Izan ere, mutil askok aitortu dute ez direla lagunartean laguntza eskatzera ausartzen, barre egingo dieten beldur. Eta horrek, jakina, zaurgarriago egiten ditu mutilak osasun mentalaren gaian. Nesken lagun-sarea mutilena baino osasuntsuagoa da, alde horretatik, ez baitute mutilek besteko arazorik izaten lagunei beren ondoeza agertzeko. Hala ere, laguntza eskatzen ote duten galderari erantzunez, askok esan dute sarritan ez dutela laguntzarik eskatzen, ez dutelako nahi gurasoak kezkatzerik eta haserretzerik. 

Laguntza eskatzeko ezina dute gazteek, beraz, eta bada kolektibo bat bereziki zaurgarria egiten duena horrek: migrazio esperientziak bizi izan dituzten nerabeena. Izan ere, nerabe migranteen %71k ez dute laguntzarik eskatzen, eta ezin hori sentitzen dutenen artean neskak gehiago dira mutilak baino. Arrazoi asko egon daitezke horren atzean, kulturalak batzuk, baina Zurrunbiloa proiektuan parte hartu dutenek beste faktore bat ere azpimarratu dute, arreta kirolean jarrita egin duten beste azterketa batean. Neska migranteen %31,6k ez dute parte hartzen aisialdi egituratuan, eta horrek berak haien laguntza-sarea txikiagoa izatea egiten du.

Aurrera begira, zer?

Nerabeen ongizate emozionalaren erretratua osatu dute Zurrunbiloa proiektuan, eta diagnostiko hori Elgoibarren nerabeen osasun mentala babesteko ekosistema komunitario sendoa eraikitzeko abiapuntua izatea nahi lukete proiektuaren sustatzaileek. Horretarako, orain arte bezala, elkarlanean aritzea ezinbestekoa izango dela nabarmendu zuen Maialen Gurrutxaga alkateak aurkezpenean. Nerabeen ongizate emozionalaren gaineko ardura denona dela esan zuen, eta, aldi berean, orain arteko norabidean lan egiten jarraitzeko konpromisoa agertu zuen. Azaldu zuenez, hiru lan-ildo nagusitan oinarrituko dute hemendik aurrerako lana: prebentzioan, formazioan eta esku-hartzean, hain zuzen.

Aisialdi artikulatuan ez dabiltzan gazteak, babesgabeago

Aisian eta kirolean ere jarri dute arreta Zurrunbiloa proiektuan, eta badira hor ere ondorio batzuk arretaz erreparatzea eskatzen dutenak. Batetik, nerabeekin egindako lanketatik ondorioztatu dute kirolak prestigio handia duela Elgoibarren, nerabeen %75,6k egiten baitute kirolen bat. Bestetik, argi ikusi dute nerabeen osasun fisikoa, mentala eta soziala hobetzeko potentzial handia daukala kirolak, nahiz eta identifikatu dituzten kirol esparruan dinamika kezkagarri batzuk ere, aurrerago aletzeko laga dituztenak. Aztertzaileek aurreratu dute, hori bai, nerabeen aurkako indarkeriaren sintoma izan daitezkeela dinamika horiek. 

Esan gabe doa kirola egiteak osasun ona sustatzen duela, izan fisikoa nahiz mentala, baina onura gehiago ere ikusten dizkiote kirolari adituek. Esaterako: nerabeen talde-pertenentziaren sentipena indartzeko gaitasuna aitortzen diote, emaitzek erakutsi dutelako kiroletik kanpo gelditzen diren nerabeak zaurgarriagoak direla, kirolaren inguruan sortzen den lagun-saretik kanpo gelditzeak laguntza eskatzeko aukerak murrizten dizkielako. 

Kulturak ez du kirolak adinako prestigiorik

Kulturak, arteak eta zientziak ez dute kirolak besteko prestigiorik gizartean, oro har, eta Elgoibar ez da salbuespena, jakina. Nerabeen %57,5 dira kultura, arte edo zientziaren aisialdi-jarduerak egiten dituztenak, baina jarduera horietan ez da lortzen kohesio-funtzioa berdin betetzea. Alegia, nerabeek ez dute kirolean adinako talde-pertenentzia sentitzen. Nolanahi ere, garrantzitsua irizten diote adituek aisialdi egituratuan parte hartzeari, hortik kanpo daudenek laguntza eskatzeko zailtasun handiagoa dutelako. Eta hor ere, egoera zaurgarrienean daudenak migranteak dira, neskak. Neska migranteen %31,6 sare horretatik kanpo gelditzen dira.