Haundik garaipen garrantzitsua lortu du aurkari zuzen baten aurka

Asier Orbea Ostolaza 2026ko otsailaren 9a

Haundiko jokalarien poza Argixaoko aldageletan, Urolari 2-4 irabazi eta gero. Arg: CD Elgoibar.

C.D. Elgoibar taldeko emakumeen taldeak garaipen garrantzitsua lortu zuen zapatuan Zumarragan.

Euskal Ligara igotzeko borrokan sartuta dauden bi talde lehiatu ziren Argixao futbol zelaian; jardunaldi askoan lidertzan egon den Urola taldea eta Haundi. Elgoibartarrek hartu zuten aurrea markagailuan, Ane Callejak 10. minutuan sartutako golari esker. Zumarraga-Urretxuko taldeak, baina, partida berdindu zuen 18. minutuan. Handik lau minutura sartu zuen Naroa Loperzek bisitarien bigarren gola. Etxekoek 49. minutuan parekatu zuten markagailua, penaltiz sartutako golarekin. Bigarren zatian, baina, zuri-gorriak izan ziren nagusi, eta 2-4 irabazi zuten partida Naroa Urdampilletak eta Manar Ahdaddouk sartutako golei esker.

Hamazortzi jardunaldi jokatu ostean, Ohorezko Erregional Mailako lehen postuan dago emakumezkoen Haundi taldea, 40 punturekin, azken lau partidak jarraian irabazi eta gero. Puntu bat gutxiago du bigarren sailkatua dagoen Bergarak eta lau puntu gutxiago hirugarren dagoen Intxaurdik. Urola laugarren postura jaitsi da (35 puntu).

Hamabi jardunaldi falta dira liga amaitzeko. Lehenengo sailkatua zuzenean igoko da Euskal Ligara, eta bigarrenak Bizkaiko eta Arabako bigarrenen aurka jokatuko du, igoera eskuratzeko jokoan izango den beste txartelaren bila. Hurrengo asteburuan atseden hartuko dute emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailan diharduten taldeek. Otsailaren 21-22 asteburuan itzuliko dira lehiara. Elgoibartarrek Landetxak taldearen bisita jasoko diute Mintxetan. 

Garaipen motza baina nahikoa azken sailkatuaren aurka

Gizonezkoen Haundi taldeak azken sailkatuari egin zion bisita atzo, Euskalduna Andoaindarra taldeari. Julen Guillok 54. minutuan sartutako golari esker, balio handiko hiru puntu batu zituzten zuri-gorriek. Izan ere, zazpigarren postutik laugarrengora egin dute gora sailkapenean. Haundik 34 puntu ditu. Real Union B taldeak jarraitzen du lidertzan, 45 punturekin. Anaitasuna dago bigarren postuan (40 puntu) eta Oiartzun hirugarrengoan (38 puntu). 
Hurrengo jardunaldian aurkari zuzen baten bisita jasoko dute Borja Rocharen mutilek, bosgarren postuan sailkatuta dagoen Mondraren aurka. Barikuan, otsailaren 13an, jokatuko dute, Mintxetan (21:00). 

Asteburuko emaitzak

  • Urola 2- 4 Haundi emak.
  • Euskalduna 0-1 Haundi giz.
  • Ordizia 1-1 Kadete-C
  • Martutene 7-4 Infantil txiki
  • Ohorezko Kadeteak 2- 3 Zarautz
  • Ohorezko Jubenilak 3-2 San Marcial
  • Orioko 0 Eregionala 0
  • Kadete-B 2-5 Anaitasuna
  • Jubenilak B 1-1 Amaika Bat
  • Ohorezko Neskak 0-5 Aiztondo


Hurrengo neurketak

Otsailak 10 (Mintxeta):
18:00 Infantil F8 neskak  - Urnieta  

Otsailak 11 (Mintxeta):
18:00 ⁠Infantil f11 neskak  - UDA 

Otsailak 13 (Mintxeta):
21:00 Haundi giz. - Mondragon 

Otsailak 14 (Mintxeta):
10:00 Elgoibar B  - Bergara 
12:00 Kadete C - Ikasberri 

Otsailak 15 (Mintxeta):
18:30 Infantil Haundi  - Vasconia 

Otsailak 15 (Kanpoan):
16:30  Ilintxa - Kadete B  (Irene Paredes)