Estrella Ortizek eta Simone Negrinek ipuin kontaketa saioak emango dituzte Elgoibarren Ahoz Aho Jaialdiaren baitan

Asier Orbea Ostolaza 2026ko otsailaren 9a

Estrella Ortiz ipuin kontalaria.

Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiaren barruan, Euskal Herriko zein atzerriko 30 kontalarik 50 kontaketa saio eskainiko dituzte hamazazpi herritan, tartean Elgoibarren.

Gotzon Garate Udal Liuburutegiaren eskutik iritsiko dira helduentzako ipuin kontaketa saioak.

  • Lehenengo saioa otsailak 19an izango da, 19:00etan. Estrella Ortiz Gaztela-Mantxako ipuin kontalari eta idazleak emango du lehen saio hori. Haren kontakizunen bidez, tradizioa, literatura eta sorkuntza garaikidea uztartzen dituen istorioez gozatzeko aukera edukiko dute entzuleek.
  • Bigarren saioa martxoaren 12an izango da, Simone Negrin kontalariaren eskutik. Italian jaio eta Galizian hazitako narratzailea, antzerkigilea eta hezitzailea ere bada. "Benetako istorioak bildu, maitasunez ondu eta umorea eta emozio ugari emanez, ipuin forma ematen die", azaldu dute antolatzaileek.
Izen ematea

Bi saioak gaztelaniaz izango dira, Aita Agirre Kulturguneko areto nagusian. Sarrera doakoa den arren, aldez aurretik izena eman behar da (943 743 525; 688 710 138 edota liburutegia@elgoibar.eus), lekua bete arte.

Iazkoan Quico Cadaval galiziarrak eta Eva Andujar valentziarrak etorri ziren Elgoibarrera jaialdiaren barruan, eta herritarren ikusmina sortu zuten haiek emaniko saioek. 

Simone Negrin ipuin kontalariak helduentzako saioa emango du Elgoibarren martxoan.

30 ipuin kontaketa saio, 17 herritan

Duela egun batzuk aurkeztu zuten Ordizian Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia, zeinak, beste urte batez, neguari agur esan eta udaberriari ongietorria emango dio hitzaren eta ahozkotasunaren bidez. Intujai antzerki taldeak sustatutako jaialdia otsailaren 16tik martxoaren 31ra bitartean egingo dute, eta 30 kontalarik 50 kontaketa saio eskainiko dituzte hamazazpi herritan.

Ordiziako alkate Adur Ezenarrok aurkezpenean adierazi zuen Ahoz Aho jaialdiak lotura estua duela Euskal Herriko sustraiekin, "gure ama hizkuntza den euskararen bidez". "Euskara iraganarekin estu lotuta dago, eta jaialdi honetan sortzen diren harremanek hori erakusten dute; mundu zabaletik Euskal Herrira etortzen diren artistak ditugu, eta garrantzitsua da ikusmira zabaltzea, gure historiatik abiatuta aberasten jarraitzeko”. Halaber, Ezenarrok adierazi zuen ahozko transmisioak inoiz baino garrantzi handiagoa duela “adimen artifizialaren garaiotan”.

Jaialdia Tolosan eta Ordizian hasi eta hazi zen, eta urtez urte herri gehiago gehitu dira hitzaren festa honetara, gaur egun Euskal Herriko kontalaritza jaialdirik erreferentzialena bihurtu arte. Euskal kontalari ugarirekin batera, nazioarteko artista ezagunak ere izango dira aurten: Espainia, Kolonbia, Grezia, Italia, Kuba eta Perutik etorritako kontalariak, besteak beste.