Luz Ardideneko SkiToy taldeko snowboarderra da Ibon Baskaran, eta denboraldi aparta egiten dihardu, Espainiako zein Frantziako txapelketetan. Aipatu behar da Baskaranek ez zuela denboraldia nahi bezain ondo hasi, izan ere, ezin izan baitzuen KNT Nazioarteko Frantziar txapelketetan parte hartu, abenduan ezkerreko eskumutrreko radioa apurtu zuelako. Beraz, urtarrilaren bukaeran ekin zion lehiari, eta, ordutik, sariak bata bestearen atzetik pilatzen ari da snowboarderra.
Val Louroneko Giant Cross txapelketan podiumeko goreneko kaxoira igotzea lortu zuen 14-15 urte artekoen mailan; 16-17 urtekoen artean eta baita 18 urtetik gorakoen artean ere.
Otsailaren 2an, bestalde, Baqueira Bereteko Movistar Kopa SBX (Boardercross) kanporaketako lehen fasea jokatu zuen, eta beretzat izan zen garaipena.
Hurrengo asteburuan Luz Ardidenen Boardercrosseko ToyCup #4-a jokatu zuen, etxean. Bere kategorian, 14-15 urtekoetan, bera izan zen txapelduna larunbatean zein igandean, eta gainera, igandeko kronoan, 72 partehartzaileen artean Baskaranek egin zuen denborarik onena.
Baskaran oso pozik dago egiten ari den denboraldiarekin, eta emaitza horiek ere eman dute saria: babeslea lortu du, Vitalini. Orain arte eskiatzaileak soilik babestu izan ditu etxe horrek, eta Baskaran izan da estreinako snowboarderra.
Aurrera begira
Aurrera begira, Pirinioetako zein Alpeetako hainbat eski estaziotan lehiatuko da, baina begiz jota ditu nazio mailako bi txapelketa nagusiak: Espainiakoa Sierra Nevadan jokatuko da martxoko azken asteburuan, eta Frantziakoa, berriz, Alpeetan, apirilaren hasieran.
Informazio eguneratua, Instagrameko kontuan (@ibon_baskaran).
