Danobaten eta IMHn bisitan izan dira EAJk Espainiako Kongresuan dituen diputatuak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko otsailaren 12a

EAJko ordezkariak Danobaten. Arg: EAJ

Bisitaren helburua herriko industria eta prestakuntzako erreferenteak diren espazio eta proiektuak lehen eskutik ezagutzea izan dela azaldu dute jeltzaleek.

Espainiako Kongresuan EAJ/PNVko eleduna den Maribel Vaquerok, eta Idoia Sagastizabal eta Joseba Agirretxea diputatuek parte hartu dute Elgoibarrera eginiko bisitan. EAJtik jakinarazi dutenez, Danobat kooperatibaren jarduera gertutik ezagutzeko aukera izan dute enpresara eginiko bisitan. Fabrikazio aurreratuko irtenbideetan erreferente den enpresa dela nabarmendu dute Danobatez. Era berean, IMHk industria aurreratuari lotutako prestakuntza, berrikuntza eta ezagutzaren transferentzian duen funtsezko eginkizuna ere azpimarratu dute prentsa oharrean.
"Topaketak Elgoibarko industria eta prestakuntza ekosistema balioan jartzeko balio izan du, enpresaren, prestakuntzaren eta lurraldearen arteko lankidetza lehiakortasuna, berrikuntza eta kalitatezko enplegua sustatzeko giltzarri dela azpimarratuz", adierazi dute. 

Bisitaren helburua herriko industria eta prestakuntzako erreferenteak diren espazio eta proiektuak lehen eskutik ezagutzea izan dela jakinarazi dute, "EAJ-PNVtik dagokigun erakundean, aukerak daudenean gure herriaren aldeko ekimenak aurkeztu eta garatzeko. Horrela, gure herrira baliabideak erakartzeko aukerak irekitzeko".

Halako bisitek herriaren industria-potentziala ikusarazten laguntzen dutela adierazi dute Elgoibarko EAJ-PNVko ordezkariek, eta ezagutzan, teknologian eta eragileen arteko elkarlanean oinarritutako garapen-ereduarekiko konpromisoa indartzen dutela. 

Ixaka Egurbide, IMHko Zuzendari Kudeatzailea, diputatuei azalpenak ematen. Arg: EAJ