Nagusilaneko boluntarioak omendu dituzte, elkartearen 25. urteurrenean

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko otsailaren 12a

Elgoibarko Nagusilan elkarteak 25 urte bete ditu, eta elkarteko boluntarioak omendu dituzte gaur goizean. 

1995. urtean sortu zuten Nagusilan elkartea Donostian, eta bost urte beranduago sortu zuten Elgoibarko delegazioa. Norberak aukeratu gabeko bakardade egoeran zeuden herritarrei laguntza ematea zuten helburu, eta zeregin horretan jarraitzen dute gaur egun ere. 

Joxerra Ezenarro Elgoibarko Nagusilaneko eta Gipuzkoako lehendakariak eman du elkartearen berri, eta, besteak beste, boluntarioak behar dituztela esan du. 1.150 boluntario ditu egun Nagusilanek Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan. Delegazio gehienak Gipuzkoan dituzte, baina Bizkaian eta Araban ere elkartea indarra hartzen ari dela nabarmendu dute. 

Elgoibarri dagokionez, 25 bat boluntario ditu taldeak, eta horietako zortzi omendu dituzte gaur, hain zuzen ere, 10, 15 edo 20 urte baino gehiago boluntario lanetan dihardutenak: Eduardo Martinez (10 urte), Trini Godoy eta Pedro Urkidi (15 urte), Lucia Elortza, Petra Carrasco, Fabri Hernandez, Manuel Salegi eta Mari Bustamante (20 urte). 

Elgoibarko Udalari eta herriko beste hainbat elkarteri ere eskerrak eman dizkiete, guztien arteko elkarlana ezinbestekoa ikusten dutelako. Eguneko Zentroko bi erabiltzailek ere hartu dute hitza ekitaldian, eta hunkituta, eskerrak eman dizkiete Nagusilaneko boluntarioei, egunero egiten duten lanari esker. 

Maialen Gurrutxaga alkateak oroigarri bat eman dio elkarteari, eta boluntarioen lana indarrean jarri du, oso lan garrantzitsua egiten dutela esanez.