Euskal selekzioarekin errelebo mistoko Espainiako Kros Txapelketan lehiatu zinen duela bi aste, Kordoban. Zer moduz?
Nahiko pozik egindako lanarekin. Esperientzia polita izan zen, aurtengoa urrun xamar izan den arren. Ia hamar orduko bidaia egin behar izan genuen, autobusez, Kordobaraino. Harako bidaia bezain gogorra izan zen lasterketa bera ere, zirkuitua erabat lokaztua eta putzuz betea zegoelako. Halere, gure taldearentzako baldintza egokiak ziren, Euskal Herrian ohituta gaudelako lokatz artean saltaka egitera. Ez zegoen iaz Getafen topatu genuen adina aldapa eta gorabehera, aldapa handi bakarra zuen zirkuituak; samurragoa zen, alegia. Talde mistoen lehian itzuli bakarra ematen diogu zirkuituari, baina horrek berak zailtzen du proba, bizi
ibiltzea eskatzen baitu, eta, aldi berean, esfortzuak neurtzen jakin behar baita. Pozik gaude Getafen lortutako hamahirugarren postua ondu genuelako, hamaikagarren sailkatuta. Emaitzaz gainera, Euskadiko taldean izan dugun giro ona azpimarratuko nuke.
2022tik daramazu kluben arteko Espainiako kros txapelketan lehiatzen. Parte hartzaileen maila igotzen ari dela aipatu zenigun iaz.
Bai. Partaideen maila handitzen ari da urtetik urtera. Halere, salbuespena izan da aurtengoa, senior mailan atletarik onentsuenak falta zirelako. Pare bat aste lehenago jokatu zuten Munduko Kros Txapelketa Floridan (AEB), eta hurrengo astean Mugertza krosa jokatu zuten. Hori dela eta, espezialitateko atletarik onentsuenek uko egin zioten Espainiakoan lehiatzeari. Batzuk aipatzearren, Europako txapelduna den Thierry Ndukemmayo, Aaron Las Heras, Said Mechaal, Abdessamad Oukhelfen... ez ziren etorri.
Nondik datorkizu korrikarako zaletasuna?
Familiatik datorkit. Aita ibiltzen zen korrika, osabak maila handian jarraitzen du eta lehengusu Albertok sartu ninduen bete-betean korrika-munduan. Hura askotan ikusten nuen lasterketetan lehiatzen, eta futbola laga eta atletismoan hasteko azken bultzada eman zidan. Hari esker hartu nituen entrenatzeko ohiturak ere, eta gero, Ricardo Jimenezen entrenamendu taldean sartzen lagundu zidan, Donostian. Asko miresten dut lehengusua, atleta eta pertsona moduan, eta horregatik daukat erreferentetzat.
Nolako korrikalaria zara?
Hobeto moldatzen naiz distantzia motzetan eta iraupen-erdiko lasterketetan; hau da, 1.500 edo 5.000 metroko probetan. Krosetan moldatzen naiz, bai, baina beste horiek dira nire ezaugarrietara hobekien moldatzen diren distantziak.
Donostiako Super Amara BAT taldean hainbat urtean aritu ostean, Mintxetara etorri zara. Zerekin egin duzu topo?
Atleta elgoibartarrak taldera batzen ari zirela ikusten nuen azken bi urteetan, eta halaxe egin nuen nik ere, talde-giro horrek erakarrita. Polita da herrian korrikalarion talde handi bat egotea. Taldea indartzen ari da eta ilusioa egiten dit hazkunde horren parte izateak. Eta indarberritze horren erakuslea da Gipuzkoako Kros Txapelketan taldeka lortu genuen lehen postua. Pozik nago Mintxetara etortzeko hartutako erabakiarekin. Halere, esan beharra daukat oso gustura ibili naizela Super Amara Bat taldean; beti izango dut bihotzean gordeta.
Kros lasterketak, pistakoak, San Silvestre probak, Behobia-Donostia... proba askotan lehiatzen zara, baina zein duzu kuttunena?
Mugertza krosa da nire proba gogokoena, txikitatik jarraitu dudalako. Atsegin ditut gainerako krosak eta lasterketak, baina Mugertza krosa bezalakorik ez dago. Korrikalari izateko grina piztu izana zor diot.
Behin baino gehiagotan hartu duzu parte Mugertza krosean, Aurten, gainera, irudi politak laga zenituzten senior mailako gizonezkoen proban lehiatu zineten elgoibartarrok.
Bosgarrenez hartu nuen parte: 2022an egin nuen estreinakoz, eta jarraian egin ditut bostak. Urtetik urtera ondu egin ditut denborak eta postuak. Iazkoarekin alderatuta, lokatz gehiago zegoen aurten, eta, hala eta guztiz ere, antzerako denbora egin nuen. Pozik bukatu nuen. Are pozago, zortzi elgoibartar irten ginelako seniorren lasterketan. Horrexek egin zidan ilusio handiena. Gustatuko litzaidake hurrengo urtean gehiago izatea, eta denok bukatu ahal izatea. Erronka zaila bezain polita izango da. Mugertza krosaren ezaugarri nagusia gogortasuna da. Igerileku inguruko zatia aldapa behera den arren eta erritmoa bizitzeko aukera ematen duen arren, gainerako aldapak oso gogorrak dira; bereziki, harmailen atzeko zatikoa. Indar handia behar da zangoetan.
San Silbestrean ere marka egin zenuen; goizean azkarrena izan zinen Deban jokatutakoan eta Elgoibarkoan ere bai arratsaldean?
Deban bizi naiz eta San Silbestre on bat egitera irten nintzen. Elgoibarkoa lagunekin eta lagun giroan egitea zen nire asmoa, baina hasi aurrekoan ideiaz aldatu eta goizekotik nola errekuperatu nintzen probatzea erabaki nuen, ...eta neu izan nintzen azkarrena. Lasterketa polita da san silbestrekoa, bizi den giroagatik bereziki.
Behobia-Donostian ere lehiatzen zara. Gogoko duzu?
Azken bi urteetan hartu dut parte, eta pozik nago lortutako emaitzekin. Hala ere, kalitatezko entrenamendu moduan hartzen dut Behobia, Mugertza krosera sasoi onean iristea izaten baita nire helburua. Hori bai, errepideko maratoi erdiak nire ezaugarriekin bat ez egin arren, dena ematen dut ahalik eta markarik onena lortzeko. Ordu bat eta hamaika minutuan egin nuen duela bi urtekoa.
Pistako denboraldia hasiko duzue aurki. Zein dira zure asmoak eta helburuak?
Ondorengo hilabeteetan, udaberrian bereziki, asfalto gaineko lasterketa batzuk egingo ditut, bost edo hamar kilometrokoak, sasoiari eusteko. Maiatzetik aurrera, aire libreko pista denboraldian, ditudan markak ontzen saiatuko naiz: 1.500 metrokoan 4.02 da nire marka pertsonala; 3.000 metrokoan, 8.44; eta 5.000 metrokoan, 15.25. Asfaltoan, 32.57ko marka daukat hamar kilometroko distantzian. Iaz, lesionatu egin nintzen martxoan, eta ezin izan nuen pista denboraldirik egin. Hortaz, gogo biziz nago aurtengo.
Elgoibarren korrika ibiltzeko leku bat?
Asko gustatzen zait Nettoko industrialdean entrenatzea. Ordu asko sartu ditut han. Eta beste horrenbeste Mintxetako pistan.
Hitz egiguzu zure entrenamenduez.
Astean bitan egiten ditut kalitatezko entrenamenduak, asteartetan eta ostiraletan normalean, Mintxetan. Taldean aritzen gara eta plazer bat da, gero eta lagun gehiago animatzen ari baitira. Gainerako entrenamenduak, lasaiagoak, Deban egiten ditut. Astean sei egunetan entrenatzen dut eta 80-90 kilometro inguru egiten ditut. Egun batean gimnasioko lana egiten dut, Tx4fitness gimnasiora joaten naiz, Sigman. Talde giro oso ona dugu han ere, gutxi gara baina oso gustura joaten naiz. Hobekuntza igarrin dut indarra lantzen hasiz gero.
Ez daukat entrenatzailerik, neure kabuz aritzen naiz. Lehen, Donostian, Ricardo Jimenezen taldearekin aritzen nintzen, baina laga beharra izan nuen, lanagatik eta Musika Bandako entseguengatik. Elikadura ere zaintzen dut, ondo entrenatzeko eta lehiatzeko gasolina baita. Zoratu gabe ordea. Danetarik jaten dut.
Mendi lasterketak loraldian daude. Ez zaiztuzte erakartzen?
Egia da azken urteetan indar handia hartu dutela, baina momentuz ez naute erakartzen. Ikusiko dugu hurrengo urteetan.

