1997an eman zuten estreinako kontzertua izen horrekin, Malape tabernan. Inauterietako asteartea zen, eta mozorrotuta irten ziren bi lagunak, instrumentuak hartuta. Geroztik, urtero-urtero azaldu dira jendaurrera Inauterietan, inprobisaziotik asko izan duten proposamen bereziekin beti. Molde guztiak hautsi dituzte, direnak eta ez direnak nahastu dituzte, eta sekula ez dute kontzertu bera errepikatu, baina, salbuespenen bat tarteko, beti aritu dira Inauterietan. "Birritan jo dugu Inauterien testuingurutik kanpora Sinuöse izenarekin: behin, Beran (Nafarroa), eta beste behin, Elgoibarko Toletxe tabernan. Uste dut taberna Elgoibarko Izarrak kudeatzen zuenean izan zela", ekarri du gogora Patxi Zabaletak. Gaur, otsailak 13, 30 urte bete dituztela ospatuko dute, urte hauetan guztietan jarraitzaile izan dituztenekin batera. Kultur Etxeko erakusketa gelan egingo dute "urtebetetze festa", 19:00etan hasita, eta, asko esan zaleak ez diren arren, aurreratu dute osagai hauek izango dituela: erakusketa bat, bideo proiekzioa eta mokadua. Jakina, gordeko zuten, segur aski, ezustekoetarako tarterik gaurko ere, bereizgarri dutelako publikoa harritzeko gaitasun hori Sinuösekoek, baina argi laga dute gaurkoa ez dela kontzertu bat izango.
Euskadi Gazteak –gaur, Gaztea irratia– antolatzen zuen Maketa Lehiaketarako egindako grabazio bat dago Sinuöseren sorreran. 1997an, San Lorentzoko entsegu lokalean batu, kantu batzuk sortu eta kasete batean grabatuta bidali zituzten irratira. "Sekulako erronka izan zen guretzat, lehiaketak izen handia zuelako orduan [1991n sortu zuten Maketa Lehiaketa]. Ez dakigu ezta zer bidali genuen ere!", zehaztu du Zabaletak. Hegoak eman zizkien aukera hark, baina, eta Inauterietan Malape tabernan kontzertu bat ematea erabaki zuten. "Mozorrotuta irten ginen jendaurrera eta sekulakoa izan zen, Inauterietako astearteak orduan indar handia zuelako Elgoibarren", gehitu du Urizarrek. "Ordu erdiko makarrada bat izan zen. Nahastu genituen musika estilo asko eta egin genuen nahi izan genuena nahi izan genuen moduan. Inauterien esentzia hori izan zuen kontzertuak, eta ikaragarri ondo pasatu genuen", lagundu dio aldamenetik Zabaletak. Kontzertu solte bat zirudien hark, baina pospoloarena egin zuen: sua piztu, eta hurrengo urtean berriro irten ziren jendaurrera Inauterietako asteartez. Astebeteko tartean pentsatu eta sortu zuten kontzerturako materiala, "presiopean, erlojuaren kontra", gerora beti egin izan duten moduan: "Ez zaigu hori baino askoz denbora gehiago hartzea gustatzen Inauterietako kontzertua prestatzeko, gustatzen zaigulako inprobisazioa izatea gure emanaldien oinarria".
Librean
Harrezkero, premisa batekin jardun dute beti: urtero gauza berri bat sortzea, aurreko urteko "dinamikarekin, errepertorioarekin eta egiteko moduarekin" zerikusirik ez duena. Aitortu dute mozorro baten atzean ezkutatuta jendeak Inauterietan sentitzen duen askatasun hori sentitzen dutela Sinuöseren izenean ari diren guztietan; besteak beste, publikoak ere beste askori baino errazago ematen dielako nahi dutena egiteko lizentzia hori, marka irabazia dutelako. Proposamen estrabaganteak egiten dituzte, ohikotik kanpokoak, emanaldi ausartak eta irudimentsuak, eta haien ingurura batu direnek estimatu egiten dute. "Behin, 2014an, gure alter ego-arena egin zuten Nestor Fuentes Txistor-ek eta Iñaki Ovejerok, Sinuöseren jarraitzaile finek. Gure alaba jaiotzekoa zen, eta, ez nekienez Inauterietan kontzertua emateko moduan izango nintzen, haiei proposatu genien. Laga genizkien tresna guztiak eta bi astean nahi zutena sortzeko eskatu genien". Jendea Iban Urizar eta Patxi Zabaleta ikustera joan zen orduko hartan ere Sotora, baina haien lekuan beste bi lagun topatu zituzten. "Flipatu egin genuen emaitzarekin", bota du Zabaletak.
Gaur, eragile erreferentea da Sinuöse elkartea Elgoibarren, bai kulturgintzan, bai herrigintzan, eta, era berean, erakusleiho bat ere bada, bereziki musikaren ohiko eszenan lekurik ez duten taldeentzat eta gauza berri bila ari diren musikazaleentzat.
Honela iragarri dute gaurko gaurko kontzertua, Sinuose XXX: