Auzolanean zuhaitz berriak landatzeko saioa egingo dute otsailaren 21ean

Asier Orbea Ostolaza 2026ko otsailaren 17a

Elgoibarko Baso Biziak elkartetik jakinarazi dutenez, landaketa sasoiaren azken txanpan egon arren, oraindik ez dituzte aurreikusitako zuhaitz landare guztiak landatu. Hori dela-eta, herritarrei laguntza eskatu diete helburuetara iristeko.

Otsailaren 21erako antolatu dute landaketa jardunaldia, bertoko basoa berreskuratzen jarraitzeko asmoarekin. Muskirutzuko magalean egingo dute, lagapenean dituzten lursailetan. Mintxetako aparkalekuan elkartuko dira 09:00etan, eta autoetan joango dira Muskirutzuraino. Mendiko jantzi eta oinetakoak eramateko eskatu dute arduradunek, eta ura ere norberak eraman beharko du etxetik. Eskularruak eta lanerako erremintak eurek jarriko dituzte.

Landaketan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute info@elgoibarkobasobiziak.org. Izen-abizenak, herria eta adina zehazteko eskatu dute antolatzaileek. Mezuaren gaian 'zuhaitz landaketa' adierazteko ere eskatu dute.