Trinitate jaietako kartelen eta San Bartolome jaietako egitarauaren azalen marrazkiak egin ditu. Zaletasun handia dauka Ortegak artelanetarako, eta oraingo honetan irudi horien bertsioak sortu ditu, marrazteko teknika erabilita.
Aurretik ere jarri izan du Ortegak beste erakusketa bat, sanbartolomeetako egitarauen azalekin. 1943. urtetik gaur egunera arteko egitarau guztiak dituzte gordeta etxean, pandemia urteetakoak izan ezik, eta horiek erakutsi zituen iazko martxoan. Hala ere, jende gehienak erraldoi txikietarako daukan zaletasunetik ezagutzen du Ortega, izan ere, Gorka Alonso bikotearekin batera 330etik gora erraldoi txiki dituzte.
Sormenerako zaletasuna
Ortegak betidanik izan du sormenerako zaletasuna, eta bereziki, marraztea du gustuko. Elgoibarko Udalak antolatzen dituen kartel lehiaketetan ere hartu izan du parte behin baino gehiagotan, eta 2020an berak irabazi zuen Atabal elkarteak Trinitateetako danborrada iragartzeko antolatzen duen kartel lehiaketa.