Falangea, desokupa hemen?

Erabiltzailearen aurpegia Gorane Ayesta Maidagan 2026ko otsailaren 20a

Mundua erritmo azeleratuan ari da aldatzen eta eraso faxistak gero eta ohikoagoak dira han eta hemen. Faxismoa ez da iraganeko kontua, orainaldiko auzia baizik. Ideologia faxistadun talde biolentoak gure herrietan dabiltza ustezko adierazpen-askatasunaren edo neutraltasunaren izenean. Falange espainola Gasteizen kontzentratu zen urrian eta, azkenaldian, DesokupaCyL enpresako matoiak Bilboko, Zornotzako, Lasarteko, Berangoko eta Donostiako zenbait familiari presioa eta ikara ezartzen ari zaizkie. Mehatxatuz, eraso eginez eta legez kanpokoak beharko luketen etxegabetzeak gauzatuz.

Familia horiek okupa biolentotzat karakterizatu nahi badituzte ere, errealitatea bestelakoa da: indarkeria jasan duten emakumeak, jabeen aldetik irregulartasuna edo iruzurra jasan duten familiak –babes ofizialeko etxeen legez kanpoko kontraturik gabeko alokairua, esaterako–… Alegia, langile klaseko kolektibo zaurgarrienak dira.

Faxistek, berriz, intimidazioaren eta biolentziaren lengoaia darabilte eta eskuin muturreko ideologia hedatzen eta gorpuzten dute. Kalean zein sareetan diskurtso arrazistak, matxistak, supremazistak, gerrazaleak eta klasistak zabaltzen dituzte. 
Justiziaren izenean ekiten duten heroi moduan ari ote dira sartzen gure imajinarioan? Bizi dugun oldarraldiaren aurrean, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak alerta antifaxista aktibatu du. Faxismoaren hedapenak muga bat dauka. Eta Barakaldon mugimendu sozialistako militanteek faxistei aurre egitean erakutsi moduan, langile mugimendu antolatu baterantz urratsak egitea funtsezkoa zaigu, mugimendu indartsu batekin topo egiten duen faxismoak nekez egingo baitu aurrera!