Martxoaren 17rako greba orokorrera deitu dute Hego Euskal Herrian ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek, eta egun horri begirako greba batzordea eratu dute Elgoibarren. Aste honetan egin dute bilera, eta batzorde hori osatzeko beste bat egingo dute datorren astean. Herritarrak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera: otsailaren 25ean izango da, 18:00etan, Gaztetxean.
Greba batzordeak herrika antolatuko dituzte. Irekiak, pluralak eta parte-hartzaileak izango dira eta haien helburua izango da ordezkaritza sindikalik ez duten guneetan esku hartzea.
Eskakizunak
Grebarako arrazoiak "soberan" daudela adierazi dute sindikatuek, eta euren eskakizunak ere azaldu dituzte: nagusia 1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzea eta hemen erabakitzea bada ere, egin dituzte eskaera gehiago: arrakala matxista eta arrazistak murriztea, soldata guztiak igotzea, gutxieneko pentsioak eta prestazioak handitzea, sortzen den aberastasuna modu justuagoan banatzea eta soldatak Euskal Herrian bertan erabakitzeko eskumenak eskuratzea.