Kalistenia praktikatzeko gune bat egokituko dute Altzolan

Asier Orbea Ostolaza 2026ko otsailaren 23a

Kalistenia egiteko gunea ipiniko duten ingurua. Elgoibarko Udala.

Elgoibarko Udalak 51 metro koadroko azalera izango duen kalistenia gunea egokituko du Altzolan.

Elizaren ondoko parkean sortuko dute kirolerako espazio berria. Gaur hasi dituzte lanak, eta ariketak egiteko barrak ipiniko dituzte lehenik, eta segurtasuna bermatzeko zorua jarriko dute gero. Espazio berriak honako elementuak izango ditu: 1,30 metroko barra finkoa, 1,50 metroko barra finkoa, horma suediarra, espaldera exzentrikoa, barra paralelo sinpleak, dominada-barrak eta abdominaletarako ohol edo bankua. Kalistenia praktikatzeko ekipamendurako 12.000 euroko inbertsioa egin du Udalak, eta zorua egokitzeko 11.000 euro bideratu ditu. Guztira, 23.000 euroko inbertsioa egingo dute. Urruzunoko auzoko aisialdi gunean ere ipini zuten era honetako kalistenia gunea. 

Greziar jatorriko terminoa da Kalistenia: kallos (edertasuna) eta sthenos (indarra) hitzetatik eratorria. Kalistenistaren helburua e­­rre­­­­sis­ten­tzia, arintasuna, oreka, koordinazioa eta malgutasuna lortzea da, norberaren gorputzaren pisuarekin entrenatuz. Kirolariaren gorputzak berak egiten du erresistentzia, eta indarra eta gaitasun kardiobaskularra lantzen dira. Entrenamendu-diziplina izateaz gain, orain kiroltzat hartzen da. Kalistenia oso kirol erosoa da ia edonon egin ahal delako, baina kirol hau seriotasunez eta hobeto praktikatzeko, aire libreko kalistenia parkeak daude.