EITB taldeak Formatu txikiak, talentu berriak izeneko deialdia jarri zuen martxan 2025. urte hasieran, iraupen laburreko euskarazko fikziozko telesailen ekoizpena bultzatzeko. EITBko Kultura eta Euskara zuzendari Vanesa Fernandezen arabera, EITBrentzat "estrategikoa" da euskarazko fikziozko telesailen alde egiten jarraitzea, eta etorkizuneko erronkei aurre egitea euskal ekoizpen independentearen bidez. Haren berbetan, hurbileko eduki berriak sortzeko eta euskal talentua eta sormena sustatzeko apostua da Formatu txikiak, talentu berriak egitasmoa. Euskarri eta plataforma digitaletan emango dituzte lanok.
Primeran plataforman ikusgai
Hamalau proiektu aurkeztu ziren deialdira, eta sei onartu zituzten; horien artean Jone Arriola Lobete (Elgoibar, 1998) gidoilari eta zuzendariaren Lehen aldiz. Zinegile elgoibartarrak Orio Produkzioak ekoiztetxearen eskutik onduko du bere estreinako telesaila izango dena.
Arriolak bi film labur eginak ditu orain arte: 2023an Zinebi Nazioarteko Jaialdian aurkeztu zuen Dena asmatuta dago, bere lehenengo fikziozko film laburra; zeinak Lekeitioko Zine Bileran Urrezko Antzarra irabazi zuen. Hor konpon izan zen bere bigarren film laburra.
- Primeran doako plataforman ikus daitezke Dena asmatuta dago eta Hor konpon.
Grabaketa lanak hasita
Lehen aldiz lana ere Primeran plataforman ikusi ahal izango da, urte amaieran. Otsailaren 20an hasi zituzten grabaketa lanak Igorreko Kiñu Gaztetxean. Grabaketarako figuranteak ere eskatu zituen Arriolak.
Zinegileak aurreratu duenez, lau ataleko telesaila izango da. Atal bakoitzean bi pertsonek topo egingo dute espazio ezberdin batean eta beraien artean lehen bizipen bat gertatuko da, lehen aldi bat. "Egunero egiten dugu jendearekin topo, jende ezagun zein ezezagunekin. Askotan ez gara ohartzen ere elkartzen garen jendearekin batzuetan lehen aldiko topaketa edo lehen aldiko bizipen bat gertatzen ari dela. Bizitzaren parentesi txiki hau izango da Lehen aldiz telesailaren xarma, protagonistek lehen aldiko topaketa eta bizipena izango dute, berria eta naturala, bizitza den bezalakoa", Arriolaren berbetan.
Telesailean arituko diren aktoreak zein izango diren ere jakinarazi dute, honako hauek: Nerea Mazo, Xabier Elizalde, Aiora Enparantza, Mikel Kaye, Xanti Agirrezabala, Kimetz Etxabe, Sara Nieto eta Amets Arbelegui.
Lotura duten albisteak:
- Jone Arriola: “Gauzak dagokion momentuan hitz egiteak duen garrantzia nabarmendu nahi izan dugu, gazteen ikuspegitik”
- Herriko Antzokia bete du Jone Arriolak 'Larrugorritan' telesailaren aurkezpenean
- Jone Arriola: “Emakumearen figurari jartzen dizkioten filtroak kendu eta benetako emakumea erakutsi nahi izan dut”