Udal eraikinetan informazio eta orientazio sistema irisgarriagoa ipiniko dute Elgoibarren

Asier Orbea Ostolaza 2026ko otsailaren 23a

Proiektuaren helburua da seinale, piktograma, mapa eta ibilbideen bidezko sistema "argi eta ulergarri bat" garatzea, herritar guztiek espazio publikoak berdintasunez erabiltzeko duten eskubidea bermatzeko.

Elgoibarko Udalak sustatu du ekimena Danobatgroupekin lankidetzan, eta Nuala elkartearen laguntza izango dute sistema gauzatzeko prozesuan. Egitasmoaren nondik-norakoak azaldu dituzte gaur, udaletxean eginiko agerraldian. Ordezkariek zehaztu dutenez, lehen urratsak ematen ari dira udal eraikinetan informazio eta orientazio sistema irisgarri bat ezartzeko. Hasteko, aurrekontuak eskatuko dizkiete enpresa espezializatuei, onena aukeratu ahal izateko. Egitasmoa gauzatzeko 40.000 euroko aurrekontua bideratu du Udalak.

Irisgarritasun kognitiboa eta komunikatiboa

Udal Irisgarritasun Plan Unibertsalaren baitan garatuko dute ekimena. Maialen Gurrutxaga alkateak azpimarratu duenez, irisgarritasuna ez da soilik oztopo arkitektonikoak kentzea. Horrez gainera, "irisgarritasun kognitiboa eta komunikatiboa ere barne hartzen ditu". Eta, ezarri nahi duten sistema berria lagungarria izango da, bereziki, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat, autismoa dutenentzat, adinekoentzat edo ulermen zailtasunak dituztenentzat. Hala izanik ere, herritar guztien onerako pentsatutako ekimena dela zehaztu du.

Danobatgroupen eta Nualaren lankidetza

Gurrutxagak balioan jarri du Nuala elkartarekin elkarlanean aritzearen garrantzia. "Eguneroko bizipenetatik jasotako ezagutza eskainiko digute, eta seinaleztapena benetan ulergarria eta erabilgarria dela egiaztatzen lagunduko digute". Eragile desberdinen arteko lankidetzak proiektuari balio handiagoa ematen diola ere esan du alkateak. Haren hitzetan oinarri sendoa da udalerri inklusiboago bat eraikitzeko.

Ildo beretik, Udalaren eta Danobaten arteko elkarlanaren balioa ere nabarmendu du alkateak. "Tokiko eragile ekonomikoek udalerri inklusiboago eta bidezkoago bat eraikitzeko duten konpromisoa agerian lagatzen dute era honetako lankidetza publiko-pribatuek, aukera ematen baitu proiektuak ikuspegi zabalagoarekin eta baliabide gehiagorekin garatzeko".

Espazio publikoak berdintasunez erabiltzeko eskubidea

Proiektuaren helburua seinale, piktograma, mapa eta ibilbideen bidezko sistema argi eta ulergarri bat garatzea dela azaldu dute gaurko aurkezpenean, herritar guztiek espazio publikoak berdintasunez erabiltzeko duten eskubidea bermatu ahal izateko.
Espazio publikoa autonomiaz eta segurtasunez ulertu eta erabili ahal izateko diseinatua egon behar dela gogora ekarri dute egitasmoaren sustatzaileek. Horregatik, seinalitika irisgarriaren bidez, ingurunearen orientazioa eta ulermena erraztu nahi dituzte, "autonomia pertsonala sustatuz eta besteen mendekotasuna murriztuz". Halaber, mugikortasunerako onurak ekarriko dituela ere uste dute, segurtasuna handitzen lagunduko duela-eta. 

Orohar, herritarrak ahal den autonomia handienarekin moldatzeko gai izatea da ekimenaren bultzatzaileen helburu nagusia. Haien iritzian, ekimen honek, autonomia hobetu eta desgaitasun intelektuala duten pertsonek bere inguruaren dependentzia maila txikitzea ekarriko du. 

Egitasmoaren jatorria Nuala elkartekoek eginiko proposamen batean dagoela azaldu du Maialen Gurrutxagak. Proposamen hori Irisgarritasun Unibertsalaren Plana garatzeko abian jarri zuten prozesu parte hartzailean egin zutela zehaztu du. "Aurretik ere lantzen ari ginen gaia da. Adibidez, Aita Agirre eraikinean dagoeneko badau seinale irisgarriak". Danobatgroupekin lankidetzan arituta, hasitako prozesu hori azkartuko dela uste du, eta eskerrak eman dizkio Julian Aizpuruari, Danobatgroup-eko Lehendakariari. "Elkarlanean arituta sendoagoa da herriari egiten diogun ekarpena", esan die Gurrutxagak Aizpuruari eta Nualako ordezkariei. Aizpuruak adierazi du Danobatek betidanik izan duela herria hobetzeko ekarpenak egiteko borondatea, eta azpimarratu du helburua gure inguruko pertsonei laguntzea izan behar dela. Bere hitzetan, aniztasun funtzionala duten pertsonei espazio publikoak erabiltzeko aukera bermatzea "funtsezkoa izateaz gainera, guztion eskubidea ere bada”.

Elgoibarko Udal Ludotekan sarreran dagoenaren antzerako seinaleak jarriko dituzte gainerako eraikin publikoetan.

Irisgarritasun kognitiboa aintzat hartzearen garrantzia

Aniztasun funtzionala duten pertsonen familiek eta lagunek osatzen duten Nuala elkarteko ordezkariek ere hartu dute hitza gaurko agerraldian. Irisgarritasunaz berba egiterakoan, askotan, ikuspegia oztopo fisikoak kentzera mugatzen dela ohartarazi dute, baina, euren ustez, berebiziko garrantzia dauka irisgarritasun kognitiboa ere kontuan hartzeak. Gaineratu dutenez, ekimen hau Udal Irisgarritasun Plana osatzera dator, "orokortasuna eta koherentzia" ematen diola-eta. Udalak eta Danobatgroupek gai honekiko erakutsi duten konpromisoa eta elkarlanerako prestutasuna txalotu dute.