TAO eremutik kanpo egotera itzuliko da Ziziliongo aparkalekuaren goiko aldea

Asier Orbea Ostolaza 2026ko otsailaren 24a

Ziziliongo aparkalekuaren goiko aldea, BARRENA

Sigmako probatokia eta aparkalekua den eraikinaren goiko aldean dagoen aparkalekua egonaldi luzeko OTA eremua zen orain arte.

Elgoibarko Udalak 2025. urte hasieran jarri zuen indarrean Denboran Mugatutako Aparkalekua (TAO) arautzeko ordenantzaren araudi berria. Berritasunetako bat izan zen Ziziliongo aparkalekuaren goiko aldea ere TAO eremua izatera pasa zela, aurrez ez baitzuen aparkatzeko epe-mugarik. Elgoibarko Udaletik aitortu dutenez, neurri hark hainbat iritzi eta zalantza sortu zituen herritarren artean, "askok ez baitzuten beharrezkotzat jotzen goiko aldean sistema hori ezartzea".

Udaletik jakitera eman dutenez, arau berrira eramandako guneen erabileraren jarraipena egin dute azken hilabeteetan; besteak beste, okupazio-datuak eta plazen erabilera aztertuz. Ziziliongo goialdeko aparkalekuari dagokionez, neurriak bilatzen zuen helburua "ez dela bete" ondorioztatu dute emaitzak aztertu eta gero. Hala, erabaki dute lehenagoko egoerara itzultzea. Erabakia azterketaren emaitzetan oinarrituta hartu dutela azaldu dute, eta baita herritarren ekarpenak eta iradokizunak kontuan hartuta ere; horregatik, eskerrak eman dizkiete iritziak eta iradokizunak egin dizkieten herritarrei, "herritarren iritziek udal erabakiak benetako beharretara egokitzen laguntzen baitute". 

Martxoaren 1etik aurrera

Honenbestez, martxoaren 1etik aurrera, berriro ere denbora mugarik gabeko aparkalekua izango da Ziziliongo aparkalekuaren goiko aldea. Behealdeko aparkaleku estaliak iraupen luzeko doako TAO gunea izaten jarraituko du (4 ordu).