2014 eta 2019 urte bitartean jaiotako haurrek (biak barne), hau da, LH1etik LH6ra arteko eskola umeek, parte hartu ahal izango dute Elgoibar Kirolak antolatzen duen campusean. Aurtengoa martxoaren 30etik apirilaren 10era egingo dute, egun bakoitzean 09:30etik 12:30era. Partaideek hainbat joko eta kirol egiteko aukera izango dute aire librean zein herriko kirol instalazioetan: Olaizaga eta IMH kiroldegiak, Mintxeta eta Ikastolako frontoia.
Antolatzaileek azaldu dutenez, kirol campusaren helburua da oporraldian haurrei aisialdi aktibo eta osasungarria eskaintzea, kirola, jolasa eta talde-lana uztartuz. Programan jarduera "dinamikoak" eta parte-hartzea sustatzen dutenak jaso dituztela nabarmendu dute, eta jarduerok adin-tarte bakoitzera egokitutakoak izango dira.
Prezioak
Prezioek gora egin dute iaztik hona. Elgoibar Kiroleko abonatuek 59 euro ordaindu beharko dituzte parte hartzeko eta 69 euro gainerakoek. Gizarte-laguntzaren bat jasotzen duten familiek %70eko deskontua izango dute, eta familia ugariek edo guraso bakarrekoek ere izango dute deskontuak eskatzeko aukera, %30eko deskontua, hain justu ere.
Informazio gehiago Olaizaga kiroldegian eskuratu daiteke edota 943 744 415 telefono zenbakira deituta. Izen ematea Olaizagan egin behar da, eta horretarako epea apirilaren 4an amaituko da.