Greban daude Hego Euskal Herriko medikuak. Hilero, astebeteko grebak egingo dituzte otsailetik ekainera. Estatutu propio bat eskatzen dute, haien prestakuntza eta ardura lan baldintzetan islatzeko. Izan ere, ez daude ados Espainiako Osasun Ministerioak bultzatutako estatutu markoarekin. Zehazki, markoak hartu duen norabidearekin eta Espainiako Osasun Sistema Nazionaleko profesionalen lan baldintzak arautzen dituen neurriek kontra daude. (Hauek dira, SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuaren aldarrikapen nagusiak)
Elgoibarko 24/7 Plataformakoek hilero egiten duten elkarretaratzea egin dute eguerdian, eta babesa adierazi diete greban dauden ospitaleetako eta anbulatorioetako medikuei. "Grebarekin salatzen ari direna arazo puntual bat baino gehiago da, hain zuzen ere, osasun sistema publikoaren narriadura estrukturala", adierazi dute plataformakoek ahots ozenez.
Medikuei gertatzen ari zaienaren errepasoa ere egin dute. "Medikuak nekatuta eta gainezka daude, eta horrek kolokan jartzen du Lehen Mailako Arreta, arreta jaso gabe geratzen ari baitira hainbat paziente. Gainezka dauden medikuak ordezkatzeko dagoen arazoa ere larria da. Eta, burokratizazioak ere eragin negatiboa du, medikuen denbora klinikoa murrizten baitu".
Zerrendatu dituzten arazo horiek ondorio argi bat dutela uste dute, eta da ondorengoa: "Pazienteak zaindu ahal izateko denbora gutxiago izateak areagotu egiten du presio asistentziala, eta horrek okertu egiten du arretaren kalitatea". Medikuak kudeatzaile eta pazienteak bezero bihurtzen ari direla salatu dute. Izan ere, uste dute, egoera honek osasun sistema publikoa ahultzen duen bitartean, osasun pribatua indartzen duela. Haien iritziz ez da kasualitate hutsa. "Sistema publikoak ematen ez duen kontsulta bakoitza, pribatuan ordaintzen den kontsulta bat da", adierazi dute. Egungo egoeraren erantzuleak ere seinalatu dituzte, haien esanetan, Osasun publikoaren "hustutzea", zori hutsa baino gehiago, urteetan metatutako "erabaki politikoen" ondorioa baita. Eta, ohartarazpen honekin bukatu dute elkarretaratzea: "Gaur medikuek salatzen dutena, bihar paziente guztiok pairatuko dugu".