Elgoibarko Udalean ingurumen zinegotzia den Asier Araujok jakitera eman duenez, trantsizio energetikorantz "urrats sendo bat gehiago" emanez hasi nahi du urtea hark gidatzen duen Elgoibarko Udaleko Ingurumen Arloak. Urrats hori izango da musika eskolako teilatuan autokontsumorako instalazio fotovoltaiko kolektibo bat instalatzea.
Urteko kontsumo elektrikoaren % 21
Instalazioak izango dituen ezaugarrien berri ere eman du Araujok: 10,23 kW-eko potentzia izendatua izango du, zeina 465 Wp-ko 22 eguzki panelek sortuko duten; eta urteko 8917 kWh inguruko "energia garbia, berriztagarria eta zero kilometrokoa ekoitziko du". Kalkulatu dutenez, musika eskolak urteko kontsumo elektrikoaren % 21 estali ahal izango du, gutxi gorabehera (6.724 kWh inguru). Orain, sare elektrikotik hornituta, 32.000 kWh-koa da urteko kontsumoa. Araujok adierazi duenez, "nabarmen" murriztuko dira Udalak ordaintzen dituen energia-fakturak.
Soberakinak gertuko udal eraikinentzako
Gainera, instalazioak 2.193 kWh-ko soberakinak sortuko dituela jakinarazi dute, eta energia hori musika eskolatik gertu dauden beste udal-eraikin batzuetara bideratuko dute, hala nola Aita Aguirre eraikinera edo Artetekalen zein Trenbide kalean (beheko irudian) dauden igogailuetara.
Instalazio fotovoltaikoaren aurrekontua
Instalazio fotovoltaikoaren kostua 18.500 eurokoa izango da, eta zenbateko horren "zati handi bat" Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) hartuko du bere gain. Ingurumen zinegotziak gaineratu du jarduera honek trantsizio energetiko jasangarri eta ingurumenarekiko errespetuzko baten alde duten konpromisoa indartzen duela. "Ez dugu errota erraldoirik nahi gure mendietan, eta energia fotoboltaikoa, beste iturri berriztagarri batzuekin batera, apustu egokia da ingurumena babesteko eta eredu energetiko eraginkorrago eta iraunkorrago baterantz aurrera egiteko", adierazi du.

