Udaleko Kultura Sailak erabaki du zinema-emanaldietan jarlekuak zenbakituak izatea. Erabaki horren ondorioz, zenbait herritar "haserretu" egin ziren joan den asteburuan, eta, egoera horren harira, hainbat azalpen eman ditu Kultura Sailak. Sarrerak Internet bidez erosteko aukera jarri zutenetik, ikuskizun eszenikoetarako zein zinema-emanaldietarako sarrerak ere zenbakituak izaten ziren. Antzerkietarako zenbaki horiek errespetatu egiten dira, baina, zinema-emanaldietan leku arazorik egoten ez denez, bakoitza nahi zuen lekuan esertzen zen, orain arte: "Arazoa sortzen da film emanaldi jendetsuetan. Sarrerak Internetez erosi dituenak bere jarlekuan eseri nahi du, eta gerta daiteke iristen denerako beste norbait egotea leku horretan". Horrelakoak ekiditeko, bai Internetez bai txarteldegian erositako sarreren jarleku zenbakia errespetatu egin beharko da hemendik aurrera.
Online erostea
Kultura Sailak sarrerak online erostera animatu nahi ditu erabiltzaileak, filma hasi aurretik sortzen diren ilara luzeak saihesteko. Gogoratu dute filma hasi baino 45 minutu lehenago zabaltzen dutela txarteldegia, eta filma hasi baino hamar minutu aurretik ixten dutela: "Filma bere orduan hasten da; beraz, txarteldegian erosi nahi dutenei eskatu nahi diegu denboraz joateko, bestela filma hasita sartuko dira-eta aretora".