Kanafest, asteburuan Sutegixa gaztetxean

Asier Orbea Ostolaza 2026ko otsailaren 26a

Elgoibarko Gazte Asanbladak 40. urteurrena ospatzen dihardu aurten, eta urtarriletik maiatzera antolatu dituzte ekitaldiak. 

Elgoibarko talde eta musikari ugarik hartuko dute parte maiatzera bitartean prestatu dituzten emanaldietan. Asteburu honetan Kanafest musika jaialdiak girotuko du Gaztetxea, alegia Kinki Boys eta Aterkings taldeen zuzeneko saioek. Zapatuan, otsailaren 28an, izango da, 18:30etik aurrera. 

Kinki Boys, funtsean, Bilbon sortutako rock-and-roll hirukotea da, punkaren eta punkaren ondorengoaren eragin handia duena. Abesti gordinak eta errazak egiten eta jotzen dituztela diote euren buruaz, hiru minutuz azpikoak ia denak (entzun hemen). "Asko zor diogu Ramones, Siouxsie and The Banshees, Runaways, Supersuckers edo Paralisi Iraunkorra moduko taldeek sortu duten musikari", diote inspirazio iturri izan dituzten taldeez.  

Aterkings taldea, berriz, Elgoibar eta Markina-Xemeingo musikariek osatzen dute. 2.000. urtean sortu zuten taldea eta rockanrolla izan zen taldekideak batzeko lotura: Labanak, A-Bones, Lyres, Cynics, The Covers, Pleasure Fuckers, Pop Crash Colapso eta hainbat talderen kontzertutan bulla montatzen arituta harremana sortu zen euren artean. Bertsio batzuk jotzeko asmoarekin elkartu ziren: Little Richard, Chuck Berry, Sonics, Wailers edo Mc5–ri omenaldi txiki batzuk egitera. Ia ohartu barik, ezagutzera ematen hasi eta maketa grabatu zuten. Berehala zabaldu eta kontzertuak biderkatzen joan ziren. New York Dolls talde entzutetsuaren telonero lanetan aritzera ere heldu ziren gero, 2008an. Sei urtean zuzeneko kontzerturik eman gabe egon eta gero, Aterkings taldekoak Markina Shots! rock jaialdian igo ziren berriro oholtzara, 2015ean.