Danobaten Roboost proiektuak 500 lanpostu sortuko ditu, eta 50 milioi euroko inbertsioa egingo dute

Asier Orbea Ostolaza 2026ko martxoaren 2a

Roboost proiektua aurkeztu du Danobat S. Coop-ek, Mondragon Korporazioan integratutako industria-kooperatibak, Elgoibarren duen egoitzan. Makina-erremintak dituen muga tradizionalak gainditzera datorren proiektua dela azaldu dute sustatzaileek.

Xabier Alzaga Danobateko kontseilari ordezkariak aurkezpenean azaldu zuenez, Roboost proiektuaren helburua da Euskadin robot industrial aurreratuen belaunaldi berri bat diseinatzea eta fabrikatzea, eta horrekin batera teknologia estrategiko horren ildoko tokiko balio-kate sendo bat finkatzea. Honela azaldu zuen Alzagak: "Makina-erremintaren zehaztasuna eta zurruntasuna robot baten malgutasunarekin uztartu nahi izan dugu; bananduta zeuden bi mundu elkartu". Eta azpimarratu zuen beste kategoria teknologiko batean kokatzen den egitasmoa dela, hain zuzen, robot industrialenean. Haren esanetan, lehiatzeko modua aldatuko dute, eta eskakizunetara hobeto moldatzeko modua izango dute.

Alzagarekin batera, Mikel Jauregik eman zituen Roboost egitasmoaren nondik-norakoak. Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak nabarmendu zuenez, Euskadik makina-erremintan lider izaten jarrai dezan, "inork baino azkarrago egin behar dugu korrika". Eta horretarako anbizioa, berrikuntza eta elkarlana funtzeskotzat jo zituen. "Apustu honekin, Euskadik industria-berrikuntzaren gune gisa duen posizioa sendotu nahi dugu, eta robot industrialen hurrengo mailara eramango gaituen proiektu eraldatzaile honen bidez lortu ahal izango dugu", adierazi zuen. 

Ekimenean parte hartu zuten Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Pello Rodriguez Mondragoneko presidenteak eta Nerea Aranguren Danobatgroup eta MIA dibisioetako zuzendari nagusiak ere.

500 lanpostu

Roboost proiektuak 50 milioi euroko inbertsioa izango du hasieran -hiru urterako-, eta 500 lanpostu sortzea ahalbidetuko du; zuzeneko 200 enplegu eta zeharkako 300. Sortuko dituzten enpleguen %11,5 teknologikoak izango direla azpimarratu dute. Ildo beretik, 35 milioi euro baino gehiago bideratuko dituzte ikerketa, garapen eta berrikuntza teknologikoko jardueretara. Danobat izango da ekimenaren buru, eta hamazortzi enpresa txiki eta ertainentzako "traktore" lanak egingo ditu. Elkarlan horren xedea izango da euskal industriaren ekosistema indartzea. Gainera, sektoreko hainbat klusterren laguntza izango dute, AFM Fabrikazio Aurreratuko klusterraren gidaritzapean, eta Hegan Aeronautika eta Espazioko klusterraren parte-hartzearekin. Era berean, bultzada bat ekarriko du prestazio handietako robot industrialetarako teknologia berriak garatzeko, eta ZTBES Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko 10 zentro teknologiko eta eragile inplikatuko ditu, Elgoibarko Ideko zentro teknologikoaren gidaritzapean.

Irudiak: Eusko Jaurlaritza