Denboraldi honetan lehiakortasun handia erakusten ari dira Sanloko senior mailako taldeak, eta emaitzetan ere nabari da, sailkapeneko goiko aldean ageri baitira senior mailan diharduten hiru taldeak. Horregatik, albistea da hiru taldeek galdu izana jardunaldi berean. Salento Pizzeria taldeak gainera, denboraldiko lehen porrota jaso zuen Donostian, Egiaren aurka 30-22 galduta. Orain bi taldeak berdinduta daude sailkapeneko aurreneko postuan, biak 18 punturekin. (ikus sailkapena)
Emakumezkoen Malape Taberna taldeak aurkari zuzen baten aurka jokatu zuen barikuan, Aloña Mendiren aurka, Oñatiko Zubikoa kiroldegian. Partida gogor eta lehiatua jokatu zuten harmailak jendez gainezka zeudela, eta etxeko taldea gailendu zen, 23-20ko emaitzarekin. Garaipenagatik lortutako bi puntuak batu eta gero, sailkapenean puntu kopuru bera dute orain elgoibartarrek eta oñatiarrek; 21 puntu. Laugarren postuan dago Malape eta bosgarrengoan Aloña Mendi (ikus sailkapena). Malapek etxean jokatuko du hurrengo jardunaldian, Ameztoi Zarautz taldearen aurka.
Aloña Mendi Eta Malaperen arteko neurketako irudiak (Argazkiak: Roberto Sanchez)
Alcortak ezin Muskizen aurka
Alcorta Forging Group taldeak ere aurkari zuzen baten aurka jokatu zuen Euskadiko Txapelketako ligako partida. Elgoibartarrek Petronor Muskiz Eskubaloia taldearen aurka jokatu zuten, Olaizaga kiroldegian, eta 20-23 galdu zuten. Porrotaren ostean, Sanlokoek sailkapeneko hirugarren postutik bosgarrengora egin dute behera, Muskizek eta Zarautzek aurrea hartu baitie (ikus sailkapena). Alcortak sailkapeneko bigarren sailkatuari egingo dio bisita asteburuan. Legazpiun jokatuko dute Lau Bide Jatetxea taldearen aurka.