Elgoibarko Udaleko Ingurumen Arloak antolatu du bigarren eskuko salgaien azoka, herriko hiru ikastetxerekin lankidetzan: Herri Eskola, Ikastola eta IES Elgoibar BHI. Martxoaren 12an, eguena, egingo dute azoka, Eskola Agenda 2030 programaren baitan. Gaur aurkeztu dute azoka udaletxean egin duten agerraldian, eta hiru hezkuntza-zentroetako ikasleek eta ordezkariek hartu dute parte Udalekoekin batera. Ekimenaren helburua hainbat balio transmititzea dela azaldu dute, alegia, ikasleen eta familien artean kontsumo arduratsua, berrerabilpena eta ekonomia zirkularra bezalako balioak sustatzea.
Aita Agirre plazan, goizez
Azoka Aita Agirre plazan egingo dute, 9:00etatik 13:00etara, eta aurreratu dutenez, "aktiboki" hartuko dute parte ikasleek zein irakasleek. Eko-ordezkari gisa izendatu dituzten ikasleek jarriko dituzte postuak, baina hiru zentroetako 600 bat ikasle pasako dira azokatik, txandaka. Herritarrek ere edukiko dute azokan erostetak egiteko aukera. Era askotariko produktuak salduko dituzte, hala nola, liburuak, jostailuak, arropak eta bestelako objektuak.
Salgaiak egoera onean dauden produktuak izango direla ohartarazi dute, bigarren bizitza bat izateko egoera onean egotea izango baita salgai jarriko dituzten produktuentzako baldintza. Jardunaldi hau ikastetxeetan aurrez egindako lanaren emaitza dela gogora ekarri dute; izan ere, ikasleek hainbat gai landu dituzte ikastetxeetan Agenda 2030aren baitan; besteak beste, hondakinen kudeaketa eta kontsumo-ereduak. Eta, hainbat hausnarketa ere egin dituzte, adibidez, jasangarriagoak diren ohiturak hartzeak duen garrantziaz. Ikastetxeetako arduradunek zehaztu dutenez, azken asteetan berariaz landi dituzte Garapen Jasangarrirako Helburuekin lotutako edukiak, "ikasleei begirada kritikoa zabaltzeko eta ekintza honetarako prestatzeko".
Batutakoa Nualarentzat
Ekitaldiak izaera solidarioa izango du: batetik, bildutako dirua Nuala elkarteari emango diotelako; eta, bestetik, saldu gabeko artikuluak Gurutze Gorriari eta Karitasi emango dizkietelako.
Bigarren eskuko azokaren antolatzaileek parte hartzera animatu dituzte herritarrak. "Herritar guztiak animatzen ditugu jasangarritasuna oinarri duen ekimen honetan parte hartzera, ingurumen-hezkuntza, elkarbizitza eta elkartasuna uztartzen dituen ekimena baita. Zuen parte-hartzearen bidez, ikasleek ikasgeletan jasotzen duten irakaskuntza indartu ahal izango dugu, eta era horretan guztion artean eraikiko dugun komunitatea jasangarriagoa, solidarioagoa eta kontzienteagoa izango da", adierazi dute.
Eskola Agenda 2030 Debabarrenean
Debegesa, Debabarreneko garapen-agentziak, hogei urte daramatza eskualdeko udalekin elkarlanean Eskola Agenda 2030 proiektua bultzatzen eta koordinatzen. Sustatzaileen berbetan, jasangarritasunerako hezkuntza-programa bat da, hezkuntza-komunitate osoari zuzendua, eta hiru helburu nagusi ditu, honako hauek:
- Ikastetxeak ingurumen eta gizarte-praktika onen erreferente bihurtzea.
- Ikasleei ingurumen eta gizarte-arazoak identifikatu eta horiei aurre egiteko gaitasuna ematea.
- Parte-hartzailea den, eta ingurunea errespetatzen duen hezkuntza bermatzea.
