1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzeko eta erabaki hori Euskal Herrian hartzeko eskubidearen alde, greba orokorrera deitu dute Hego Euskal Herrian martxoaren 17rako ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek. Espainian 1.184koa da gutxieneko soldata, eta hori igotzea eskatzen dute, besteak beste. Diferentzia hori Nafarroako, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko gobernuek jartzea proposatzen dute.
Beste datu batzuk ere eman dituzte sindikatuek: esaterako, 307.000 langilek 1.500 eurotik beherako soldata kobratzen dute; gehienak, emakumezkoak edo langile migratuak. Sindikatuek nabarmendu dute gutxieneko soldata 1.500 eurora igotzeak eragin positiboa izango lukeela, bereziki, kolektibo ahulenentzat. Era berean, salatu dute 2013tik 2023ra %53,4 handitu direla enpresen irabaziak, baina KPIa %24,4 igo dela epealdi berean, eta soldatak, %16,9.
Arrazoiak, "soberan"
Elgoibarko Greba Batzordeak talde-argazkia atera du aste honetan, herritarrei greban parte hartzeko dei egiteko. Sindikatuen esanetan, "soberan" daude grebarako arrazoiak, eta gutxieneko soldata igo eta hemen erabakitzeaz aparte, arrakala matxista eta arrazistak murriztea, pentsioak eta prestazioak handitzea eta sortzen den aberastasuna modu justuagoan banatzea eskatu dute, besteak beste.