Ongarri Argazki Taldeak eta Udaleko Kultura Sailak antolatutako erakusketa martxoaren 6tik 21era bitartean egongo da ikusgai Elgoibarko Kultur Etxean (Altzolatarren dorretxean). Astelehenetik larunbatera egongo da zabalik, 18:30tik 20:30ara. Domeketan itxita egongo da.
Abiadura handiko trena eraikitzeko lanen inguruan hezurmamitzen da erakusketa. Garateren berbetan, idatzizko generoetara etorrita, saiakera baten tipoko zerbait lirateke bi urte eta erdiko lan baten emaitza diren argazkiok. Honela azaldu zion Barreni, iaz emandako elkarrizketan: "Arrasaten, Atxondon, Elorrion... gure inguru gertuan egindako argazkiak dira, erakusten digutenak gure inguruko gordailu naturala txikituta eta pentsarazten digutenak lurraldeari buruz daukagun ikuspegiaz. 2022ko maiatzean egin nuen lehenengo argazkia, Atxondon, eta denbora eman dut gaiari ertzak topatzen. Saiatu naiz argazkien bidez nire kezkak azaleratzen. Ez zait gustatzen porlanaren negozioa sustatzen duen eredua, eta Noraezean proiektuan hori erakutsi nahi izan dut: ez daukagula hain garbi nora goazen, obrek jarraitu arren".
Su geldoan egositako lanek, urteetan ondutakoek, irakurketa motelagoak eta sakonagoak dituztela azpimarratu du Garatek, "beste nabardura batzuk, geruza gehiago".
Ingeniaritzatik argazkilaritzara
Jon Garate Ondarrek (Elgoibar, 1987) Informatika Ingeniaritza ikasketak egin zituen, eta, hamabi urtez lan horretan jardun ostean, bere zaletasunari bide ematea erabaki du. 2013tik hona dihardu argazki kamera soinean hartuta argazkiak ateratzen, eta 2021a ezkero buru-belarri sartuta ari da lan horretan. Irudia aitzakia hartuta, gizakia eta mundutartasuna ezagutzen dabil.
