Badu bere historia atzetik ekimen honek. 1899an herritar batzuek baloi bat enkargatu zioten Andres Gorosabel fabrikatzaileari, eta hark baldintza batekin onartu zuen baloia sortzea: Eibarko haurrak euskaraz jolastuko zirela beti baloi harekin. Urte batzuk geroago, Ipuruako obretan topatu zuten baloi hura eta identitate eta konpromiso linguistikoaren sinbolo bihurtu zuen klubak.
Euskararen Baloia egitasmoaren aurtengo edizioan, 11 ikastetxe pasatuko dira Ipuruatik lau egunetan: Elgoibarko bi, Ermuko hiru eta Eibarko sei. Guztira, 450 eskola-umek izango dute aukera hori. Atzo izan ziren lehenengoak, Elgoibar Ikastolako talde bat eta Eibarko Amaña ikastetxe publikoko beste bat, 80 bat ikasle guztira. Aldagelak, futbol-zelaia bera, eta prentsa aretoa bisitatu zituzten, eta Jon Magunazelaia eta Marta Lopez de Gereñu jokalariekin ere izan ziren. Haurren galderei erantzun zieten jokalariek eta autografoak ere sinatu zizkieten, bai eta haiekin argazkiak egin ere. Gainera, ikastetxe bakoitzak oroigarri batzu ere jaso zituen: baloi ikonikoaren erreplika bat giltzatarakoan, baloiaren erreplika bat klase bakoitzeko, SD Eibarren kamiseta bat eta gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeek Ipuruan jokatuko dituzten hurrengo partidetarako gonbidapenak.