Olaizagako rokodromoa hobetzeko lanak hasiko dituzte

Asier Orbea Ostolaza 2026ko martxoaren 10a

Olaizaga kiroldegian dagoen rokodromoa, artxiboko argazkian.

Rokodromoa hobetzeko lanak hasiko ditu Elgoibarko Udalak martxoaren 13an, eta hiru epetan egingo dituztela jakinarazi dute. 

Udaletik jakitera eman dutenez, rokodromoko erabiltzaileek egin dizkieten eskaerei eta proposamenei erantzuteko hasiko dituzte hobekuntza lanok. Iradokizun horiek aztertzeko lan-talde bat osatu dute, honakoez osatua: kiroldegiko ohiko eskalatzaile batzuk, eskalada ikastaroetako monitoreak eta Dolmen Holds enpresako ordezkariak. Rokodromoen diseinuan eta ekipamenduan espezializatutako enpresa da Dolmen Holds. Lan-talde horrek hainbat berrikuntza egitea adostu du, eta gauzatzeko epeak ere zehaztu dituzte. Hala, rokodromoko ibilbideen berritzea hiru epetan egitea erabaki dute. 

  1. Lehenengo faseko lanak martxoaren 13an, ostiralean, hasiko dituzte. Egun horretan bide berriak ekipatuko dituzte rokodromoan, presak eta bolumen berriak erabiliz.
  2. Bigarren fasea martxoaren 27an egingo dute: lehen egunean desmuntatutako presak garbitu ondoren, rokodromoko bigarren bloke bat ekipatuko dute. 
  3. Hirugarren fasea apirilaren 17an hasiko dute. Ibilbide berriekin ekipatuko dute rokodromoa, eta horrenbestez, instalazio osoak maila desberdinetako "bide berriak eta presa garbiak" izango ditu hiru esku-hartzeak amaitutakoan. 

Aipaturiko lanak egingo dituzten egunetan itxita egongo da rokodromoko zati bat; martxoaren 13an eta 27an, eta apirilaren 17an.

Rokodromoan egin beharreko hobekuntza lanez gainera, boulder gunea hobetzeko aukerak ere aztertzen ari direla aurreratu dute.

Rokodromoko boulder gunea. BARRENA

Segurtasuna bermatzeko lanak

Bide berriak ekipatzeaz gainera, segurtasuna hobetzeko jarduerak ere egingo dituzte. Hasteko, rokodromoak dituen hiru autoaseguragailuak egoera onean dauden egiaztatuko dute. Gailuak Bartzelonako Fixe Climbing enpresara bidaliko dituzte, banan-banan, segurtasun baldintza egokietan daudela ziurtatzeko. Dagoeneko bidali dute lehena, eta jaso ere bai, eta bigarrena jasotzeko zain daude orain. Segurtasuna bermatzeko lanekin jarraituz, rokodromoaren egitura aztertuko du Dolmen enpresak, segurtasun araudia betetzen duela ziurtatzeko.

Aipaturiko lan eta jarduera guztiok egiteko 10.000 euroko aurrekontua onartu du Udalak.