Danobatgroupetik azaldu dutenez, emakumeak industrian izan duen bilakaera aztertzeko antolatu zuten “Emakumeen bilakaera eta begirada Danobatgroupen” izenburua eduki zuen mahai-ingurua. Martxoaren 9an egin zuten, Soraluce kooperatiban, Osintxun.
Mahai-inguruan, industria taldeko kooperatibetako bost behargin izan ziren hizlariak: Olatz Astigarraga (Danobat), Isabel Oyarzabal (Goimek), Nerea Barrenetxea (Danobatgroup), Naroa de Luis (Soraluce) eta Irati Sanchez (Ideko). Iban Garate azkoitiarrak egin zituen dinamizatzaile lanak, eta Eunate Elio adituak ere egin zituen ekarpenak solasaldira. Azaldu dutenez, guztien artean eztabaidatu zuten emakumeek sektorean duten rolaz, bakoitzak bere ikuspuntutik.
Danobatgroupeko Berdintasun Batzordeak antolatutako jardunaldia erakunde osoari zuzendutakoa saioa izan zela azaldu dute, streaming bidez eman baitzuten Idekotik.
Topaketa Danobatgroupek industria eta lan ingurune berdinzaleagoak sustatzeko duen "konpromiso jarraituaren" adibide bat gehiago izan zela adierazi dute industria taldeko arduradunek, eta azpimarratu dute taldeko enpresa guztiek dituztela berdintasun planak. Parekidetasunaren alde egiten dituzten ahalegin horien zati bat, besteak beste, komunikazio inklusiboan eta genero ikuspegian espezializatutako prestakuntzara bideratzen dutela ere nabarmendu dute. Era horretan, emakumeen ahalduntzerako "funtsezko hausnarketa espazioak" sustatzen dituzte. Gizonei zuzendutako Gizonduz ekimena ere badute, mistoak ez diren lantaldeekin, konfiantzazko inguruneetan eztabaida gune irekiak izateko.
Erabaki organoetako presentzia
Lantzen diharduten estrategia datuek berresten dutela ere nabarmendu dute, honela: "Plantilla globalean emakumeen ehunekoa % 15,5 den arren, erabaki organoetan duten presentzia handiagoa da, % 16,3ra iritsiz, eta horrek agerian uzten du erakundearen norabidean rol aktiboa dagoela".
Azkenik, gogora ekarri dutenez, nesken eta nerabeen artean STEM bokazioak sustatzeko asmoz hainbat ekimenetan parte hartzen du Danobatgroupek, hala nola Debegesarekin, ZTIM Hubekin eta Gladys sariekin batera antolatutako batxilergoko mentoretzetan.