Azkarateko errepidean hondoratutako zatiak konpontzeko lanak lizitaziora atera dituzte

Asier Orbea Ostolaza 2026ko martxoaren 11

Errepideko zorua hondoratuen dagoen bi puntu egonkortzeko lanak lizitaziora atera ditu Gipuzkoako Foru aldundiak. Azkarateko errepide zaharrean (GI-3321), Elgoibarko partean daude konpondu beharreio guneak.

Errepideko zorua konpontzeko aurrelanak iazko azaroan hasi zituzten, bidea segurtasun eta zerbitzu baldintza egokietan mantentzeko helburuarekin. 

Errepideko zorua hobetzeko lan-sorta 2025ean egitea aurreikusita zuen Aldundiak; baina, lanen azterketa sakonagoa egin zutenean, konturatu ziren egonkortze-lanak uste zutena baino handiagoak eta konplexuagoak zirela. Ondorioz, egin beharreko jardueren zati bat birprogramatu eta 2026ra atzeratu zuten; eta, arrazoi beragatik, atzeratu zituzten errepide zati osoan behin-betiko errodadura geruza ipintzeko lanak ere. 

Azaroko esku-hartzearen ondoren, 2026an lurra egonkortzeko obrak lizitaziora aterako dituztela jakinarazi dute Aldunditik, 726.440,73 euroko aurrekontuarekin. Zehazki, 2+100 eta 3+100 kilometro-puntuen artean gauzatuko dituzte egonkortze lanak, errepideko zorua ondoratuen dagoen bi puntuetan. Hona puntu horietan egingo dituzten hobekuntzen azalpen teknikoa:

  • Marigorta parean (pK 3+100): Azterketa geoteknikoa egina dute, eta 50 metro luzerako mikropilote pantaila ipiniko dute.
  • Amezti baserriaren azpiko aldean dagoen zuzengunean: pK 2+100: Errepidea hondoratuta dago puntu honetan, eta hori konpontzeko, urak ateratzeko drenajea hobetuko dute. Ondoren gunea fresatu eta zorua berrituko dute.

Gainera, drainatzeko, arekak berritzeko eta zorua berritzeko lan osagarriak ere egingo dituzte bi guneotan.

Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak argi berdea eman berri die aipaturiko lanei, eta lau hilabeteko exekuzio-epea izango dute lizitazioa eskuratzen duten enpresek. Lanak uda parteralo hastea aurreikusten dute.

Hondoratutako errepide zatien egonkortze lanak amaitu ondoren, errodadura geruza berri bat ezarriko dute errepide osoan. 

 

Iazko azaroan hasi zituzten Azkarateko errepideko zorua konpontzeko aurrelanak.