Amildegi eta Hell Beer Boys taldeen kontzertua, Gaztetxean

Asier Orbea Ostolaza 2026ko martxoaren 12a

Elgoibarko Gazte Asanbladak 40 urte bete ditu aurten, eta ospakizun ekitaldien barruan kontzertua antolatu dute zapaturako.

Bi talde igoko dira oholtzara. Batetik, Elgoibarko Amildegi taldea. Gaizka Urangak (bateria), Julen Zubizarretak (gitarra), Unax Esnaolak (ahotsa), Markel Urangak (gitarra) eta Gorka Irisarrik (baxua) osatzen dute taldea, eta punk rock estiloko musika egiten dute.

Hell Beer Boys taldeak osatuko du kontzertua. Goierritarrak euskal Punk Oi! eszenako talde garrantzitsuenetakoa dira. 2002an sortu zuten taldea eta urtebete beranduago argitaratu zuten debuteko diskoa: Ratas del Oria. Streetpunkaren sugarra bizirik mantendu zuten hurrengo ia bi hamarkadatan, harik eta 2019. urtean eszenatokiei agur esatea erabaki zuten arte, sei diska argitaratu eta gero. Hiru urteko etenaren ostean, baina, taldea berpiztea erabaki zuten 2022an, eta taldekide berriekin eman zioten jarraipena euren ibilbideari. 2025ean El humo en el asfalto kaleratu zuten, bost abestiz osatutako diskoa. 

Zapatuan 20:00etan zabalduko dituzte Gaztetxeko ateak, eta kontzertua 21:30ean hasiko da. Sarrerak 5 euro balio ditu.

Hell Beer Boys taldeko kideak.