Morkaiko-Leizarpe Espeleologia taldeko lagunekin batera 54 urteko landa-lanean bildutako informazioarekin bi liburu ondu ditu Angel Maria Tobajas espeleologoak: Paisajes y parajes singulares del Bajo Deba (Debabarreneko paisaia eta paraje bereziak) eta El asombroso mundo subterráneo del Bajo Deba (Debabarreneko lurpeko mundu harrigarria). Bi liburuak Elgoibarren ditu aurkeztekoak jendaurrean, martxoaren 25ean. Aita Agirre kulturgunean izango da aurkezpena, 19:00etan, Morkaiko mendizale elkarteak antolatuta.
Ofizioz irakaslea izan da Tobajas, eta antzematen zaio azalpenak emateko moduan, bai eta liburuak egituratzeko moduan ere. Zientziaren dibulgaziorako idatzi ditu biak, orain arte idatzi dituen gainerako artikuluak bezala, eta argazki ikusgarriz eta eskuz egindako ilustrazioekin osatu ditu azalpenak. Liburuak ez dira berriak, izatez: 2024an eman zuen argitara bata, Interneten, Debabarreneko paisaia eta parajeei eskainitakoa; eta iazko azaroan eseki zuen bigarrena sarean, lurpeko mundu harrigarriari dagokiona. Baina liburu formatuan ematea izan du hasieratik amets, eta, beste modurik ikusi ez duenez, autoedizioaren bidera jo du. Katalunian argitaratu dizkiote, eta 200 bat ale inprimatu ditu bakoitzetik. Orain, bi liburuak batera salduko ditu, 30 euroan. Zientziaren inguruko azalpenez gain, aldarrikapenari ere egin dio lekua liburuetan, iruditzen zaiolako, askotan, natura zaintzeko gutxieneko parametroak errespetatu gabe esku hartu dela paisaian
Debabarreneko gida osatzen dute bi liburuek, eta batera salduko ditu, 30 euroan
Debabarreneko paisaia bereziak
Geologiaren araberakoa da, neurri handi batean, paisaia, eta lehen ere esana du Tobajasek Debabarreneko geologia askotarikoa eta berezia dela. Haren esanetan, eskualde honetan bat egiten dute "bakarra eta parekorik gabea" bihurtzen duten hainbat faktore geologikok, eta balio horren parte bat aitortua du Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Debako, Mutrikuko eta Zumaiako udalerriek osatzen dute Geoparkea, eta Flyscharen ibilbidea eta Karstaren ibilbidea proiektuak garatzen ditu, bereziki, baina, Tobajasen esanetan, motz gelditzen da. Haren –eta Morkaiko-Leizarpe taldekoen– ustez, Geoparkea eskualde osora zabaldu beharko litzateke, eta Eibartik eta Soraluzetik itsasorainoko paisaiaren aberastasuna ere aintzat hartu beharko luke. Izan ere, Eibartik Debarainoko hamabi bat kilometroko bidean gutxienez lau paisaia daude: Eibarko flyscha, Maltzagatik Elgoibarrerako paisaia bolkanikoa, Elgoibarko paisaia sedimentarioa eta Mendaro eta Deba arteko paisaia karstikoa. Eta, horretatik guztiorretatik, paisaia karstikoa da, haren ustetan, denetan ezezagunena, ikusteko ere zailena delako. Bada, aberastasun horixe jaso du Paisajes y parajes singulares del Bajo Deba liburuan, 326 orrialdetan, 96 planorekin eta 400 argazki baino gehiagorekin lagunduta.
Liburuaz esana du bereziki paisaia karstikoa ezagutarazteko idatzi zuela, urteetako eskarmentuak erakutsi diolako oso kaltebera dela karsta. Gogorarazi du Debabarreneko lau herritako herritarrek karsteko lurpeko ura behar dutela bizitzeko, eta ohartarazi du oraindik ere nahi baino gehiagotan gogorarazi behar izaten dutela inguruan egiten ari diren jarduera batzuk kaltegarriak direla, besteak beste, gure akuiferoentzat. Eta, hein batean, karstaren beraren ikusezintasunak eragiten du hori, haren esanetan, ezagutzen ez dena nekez errespetatu ohi delako. Hain justu ere, horixe zuzendu nahi izan du El asombroso mundo subterráneo liburuarekin, lurpeko gauza harrigarriak argitara emanda.
Lurpeko altxorra
Debabarreneko karstean mila leize baino gehiago daude, sakonera handikoak, eta haien inguruko argibideak bildu ditu bigarren liburuan, espeleologian ohiko diren gidaliburuetako eskema jarraituta. Hala, lehenengo atalean, eskualdean identifikatuak dituzten leizeen barrunbeen ezaugarrietan jarri du arreta; bereziki, luzera eta sakonera handieneko leizeenean. "Iberiar penintsulan badaude kilometro eta erdiko sakonera duten leizeak, baina mailakatuak dira. Bertikalean 100 metroko sakonera baino handiagoa duten leizeak topatzea salbuespena izan ohi da, badauden arren banaka batzuk; handiena, Kantabrian, Torka del Porron izenekoa, 436 metrorekin. Debabarrena, baina, berezia da horretan ere. Hemen badaude 100 metrotik gorako sakonera duten leizeak; ezagunena, Mendaroko Aitzbeltz leizea, ia 200 metro sakon dena. Leizean behera jausitako sedimentuengatik ez balitz, baina, sakonagoa litzateke. Gauza bera gertatzen da Mantarregin (162 metro), Gausitxan (120 metro), Txoriaitzen (119 metro)...
Geoparkea eskualde osora zabaldu beharko litzatekeela uste du Morkaiko-Leizarpe taldeak
Bigarren atal batean, barrunbeetan kataklismoak –fenomeno natural batek eragindako hondamendia– gerta daitezkeela adierazten duten fenomenoak behatu ditu, Leizarpeko espeleologoen ustez nabarmentzeko eta ikertzeko modukoak direnak. Era berean, haitzuloetan dauden espeleotema edo formazio mineral askotarikoak ere aztertu ditu, eta bioespeleologiari ere egin dio aipamen bat: haitzuloetan bizi diren izaki bizidunak zerrendatu ditu.
Liburuko atalik mardulena, baina, lurpeko urari eskainitakoa da, Debabarreneko lau udalerri lurpeko urez hornitzen dira-eta gaur egun. "Lurpeko ura altxor hidrogeologiko handia da, daukagun altxor handienetako bat, garbi esateko, zeinaren inguruko informazio eta kontzientzia handirik ez dugun. Oso garrantzitsua da, baina, lur azpiko ur hori zaintzea eta gorputz-arima babestea", dio Tobajasek horren harira. Urari eskainitako atalak baditu hiru azpiatal berezi: Kilimon errekaren geldialdiei eskainitakoa, Debabarreneko espeleobuzeoari eskainitakoa eta karstaren baso-estalkiaren ingurukoa. "Norbaitek pentsa dezake azkeneko horrek, karstaren baso-estalkiak, ez duela zerikusirik lur azpiko urekin, baina justu kontrakoa da, lotura zuzen-zuzena baitu. Izan ere, baso-estalki horixe da gure uren babesgarri handiena, eta horretxen berri eman nahi izan dugu liburua ixteko".