Naia Membrillera: "Ederra izango da domekan Herriko Antzokiko oholtzara itzultzea"

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko martxoaren 14a

Naia Membrillerak HhahH ikuskizuna aurkeztuko du domekan, Herriko Antzokian. 16:30ean hasiko da saioa. 

Goi-mailako Perkusio ikasketak amaitu ondoren, Bartzelonara joan zen Naia Membrillera (Elgoibar, 1992), Soinu-arteari buruzko master bat egitera. Mardesonores konpainia sortu zuen, ametsei bide emateko, eta horren barruan sortu du HhahH ikuskizuna. Domekan Herriko Antzokian aurkeztuko du, 16:30ean. 

Mardesonores konpainia sortu duzu Bartzelonan, eta Elgoibarren izango zaitugu domekan. Zein da konpainia horren egitekoa? 

Masterrari lotuta sortu nuen konpainia, soinua beste arte diziplina batzuekin nola nahastu nezakeen ikertzeko. Ideia asko neuzkan buruan, eta ideia horiei bide emateko helburuarekin sortu nuen. Ni musikaria naiz, baina konturatzen nintzen musika beste arte batzuetara zabaltzeko aukera handiak zeudela, eta horretan sakondu nahi nuen. Musika eta perkusioa beste arte diziplina batzuekin nahastu nahi nituen, eta, horretarako, master bat egitera joan nintzen Bartzelonara. Zortzi bat urte egin ditut Bartzelonan, eta orain, Ebroko deltan bizi naiz. 

HhahH: denboraren albuma lana sortu duzu. Ahoskatzeko ere zaila den izena jarri diozu obrari. Zertan datza? 

Soinua ikertzen aritzen naiz, baina musika edo soinua sortzetik harago joan naiz kasu honetan. Soinua ertzetatik landu dut, eta hitz hori onomatopeia bat da. Hasperen baten soinua da, azken batean, edo, hobeto esanda, bi hasperenen soinua, eta horri esker palindromo bat sortu dut; hau da, aurretik zein atzetik, berdin irakurtzen den hitza da. Sakon pentsatutako izenburua da. Bi hasperen batu ditut izenburuan, nire ustez bizitza bi hasperenen barruan gertatzen delako; jaiotzean egiten dugu lehenengoa, eta hiltzean azkena. Bi hasperen horien artean gertatzen dira gure bizitzako gauza guztiak; gure bizitzako bidaia, azken batean. Hortaz, hitz hori gure bizitza soinu batekin adierazteko modua da. Niri polita iruditzen zitzaidan hitz horren atzean dagoen muin poetikoa izenburura eramatea. Badakit azalpenik eman gabe jendearentzako zaila izan daitekeela ulertzea, baina, bakoitzak nahi edo ahal duen moduan ahoskatuta ere, hitz edo soinu horrek hor egon behar zuen. 

Izenburua azalduta, zein da obraren muina?

Tailer bat izango da agertokia; aspalditik itxita dagoen tailer bat. Obrako protagonista tailer horretan sartuko da, eta dena hankaz gora dagoela ikusiko du. Haren egitekoa izango da tailer hori antolatzea. Zeregin horretan, gauzak aurkitzen joango da, eta gauza horiei esker bizipen asko deskubrituko ditu; izan ere, tailer horrek istorio asko ezkutatzen ditu. Han lan egiten zuen pertsona ezagutzeko aukera izango du, tailerra antolatzen doan heinean. Baina pertsona hori nor zen eta protagonistarekin zein harreman zeukan jakiteko, obra ikustera joan beharko da.  

Eta protagonista hori zu zeu zara; beraz, musikari izateaz aparte, antzezlea ere bazara. Noiztik diharduzu antzerkian?

Elgoibarren bizi nintzenean izan nuen aukera antzerkiren baten parte hartzeko, musikari, eta Bartzelonara iritsi nintzenean umeen antzezlan baterako musika eta antzerkia uztartzeko jende bila ari zirela jakin nuen. Nik egin nahi nuena hori zen, hain justu ere, eta izena eman nuen castingean. Hartu egin ninduten, eta dagoeneko zazpi urte daramatzat horrelako lanetan. Musika egiteaz gain, antzeztu ere egiten dut. Itzal-antzerkia ere asko gustatzen zait, eta txotxongiloen munduan ere formatu naiz. Objektu-antzerkia oso interesgarria iruditzen zait. Hainbat tailer egin ditut antzerkiari lotuta ere, nire irudimenean neuzkan ideia guztiak kanporatu ahal izateko. 

Zein motatako publikoarentzako obra dela esango zenuke?

Familia-antzerki bat da, edonorentzako modukoa, baina nik gomendatuko nuke 7 urtetik gorakoentzat. Dena dela, umeek zein helduek gozatzeko pentsatuta dago. Ez da obra infantilizatu bat; estimulu asko dituen lana da, gauza asko gertatzen dira, oso bisuala da eta umeen atentzioa bereganatzeko prestatuta dago. Aldi berean, istorio poetiko bat dauka, gogoetarako aukera ematen du eta helduek ere nork bere irakurketa egiteko aukera izaten dute. Denboran eta oroitzapenetan oinarritutako bidaia bat da, eta oholtzan ikusten dutena nork berera estrapolatzea oso erraza da. Hori da ikuskizunak eskaintzen duen aukera politena, nire ustez. Oso testu gutxi dauka, eta nik ez dut oholtzan hitz egingo, entzuten den ahotsa grabatuta egongo da. Hizkuntza bisuala dauka obrak, eta soinu-hizkuntzan oinarrituta dago. 

Musikari moduan ezagutu zintugun, eta orain antzezle moduan zatoz. Artearen munduan urratu duzu bidea. 

Bidean zehar zalantza handiak izan ditut, ez pentsa! Musikenen sartu aurretik Arkitektura ikasten hasi nintzen, hori ere izugarri gustatzen zaidalako. Borroka izan nuen zientziaren eta artearen artean, eta gaur egun ere zientzia asko interesatzen zait. Azkenean, arte mundura bideratu nuen nire bizitza, baina Arkitekturan ikasitakoa ere praktikan jartzen dut artean; izan ere, obraren eszenografia guztia nik egin dut, eta horretarako oso baliagarria izan da nire Arkitektura alorra. Eskulanak egitea ere asko gustatzen zait, eta horrek ere lagundu dit. Obra horretan nire gustuko diziplina guztiak uztartu ditut, nolabait esateko. Kasu honetan, nire perkusionista alorra ikusiko da gutxien. Soinua oso presente egongo da, eta igartzen da perkusionista naizela, baina obran zuzenean ez da ikusiko. Perkusioak musikagintzan eremu oso zabala hartzen du, infinitua da, eta irudimenari ez dio mugarik jartzen. Horrek erakarri ninduen, bereziki.  

Zer izango da, zuretzat, Herriko Antzokian antzeztea?  

Oso ederra izango da Elgoibarrera itzultzea; etxera, hainbeste ezagutzen dudan Herriko Antzokira. Karga emozional handia dauka horrek guztiak, baina, aldi berean, polita da. Zenbat buelta ematen dituen bizitzak! Ezagutzen nauen jendearekin bidaia hau partekatu ahal izatea oso hunkigarria da. Ilusioz beterik nago iganderako.