M17 Greba Orokorra

Normaltasuna Elgoibarko kaleetan

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko martxoaren 17a

Greba eguna da gaurkoa, baina Elgoibarko kaleetan normaltasuna da nagusi. Ikastetxeetan greba egin dute, baina, oro har, ohiko martxa da nagusi gainerako zerbitzuetan.  

1.500 euroko gutxieneko soldata hemen erabakitzearen aldeko greba deitu dute gaurko sindikatuek, eta hezkuntzan izan du eragin handiena Elgoibarren. Ikastetxeetan gutxieneko zerbitzuak bermatu dituzte soilik, eta eskolak etenda daude. 

Osasungintzan eta garraioan ere gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte, baina Udal Zerbitzuak zabalik daude. Kiroldegia eta Mintxeta ere zabaldu dituzte, Musika Eskolan ere lanean dihardute eta baita udal liburutegian ere. 

Kalean ere normaltasuna da nagusi, eta komertzio gutxi batzuk izan ezik, gainerako dendari eta ostalariek zabaldu egin dute. Hala ere, dendari askok kartel bat jarri dute dendan, grebarako arrazoiekin bat egiten dutela adieraziz, baina ezin dutela itxi zehaztu dute. Goizean pikete informatiboak pasatu dira kaleetan zehar, baina ez da istilurik sortu. 

18:30erako manifestazioa antolatu dute, eta dendari batzuk adierazi dute manifestazio orduan itxi egingo dutela denda.