Aldundiak 2026rako Baserritar Misto Profesionala programaren deialdi berri bat abiarazi zuen urtarrilean. Programa horren helburua da nekazaritza jarduerarako trantsizioa erraztea, lehen sektoreko lan bizitza beste jarduera profesional batzuekin konbinatuz. Foru Aldundiak esan du programak harrera positiboa izan duela hartzaileen artean, eta laguntza teknikoa eta ekonomikoa eskaintzen diela nekazaritza arloan jarduera bat garatu nahi duten pertsonei, beste sektore batean beren lanaldia mantentzen duten bitartean.
Programaren ezaugarriak, onurak eta aurtengo berrikuntza nagusiak ezagutarazteko, doako informazio saioak antolatu dituzte Gipuzkoako sei herritan, programan interesa duten guztiei zuzenduta.
- Elgoibarko saioa gaur, martxoak 18, Aita Agirre Kulturgunean, 18:30ean.
Saioan Joseba Aranburu Nekazaritza eta Lurralde Oreka Berdeko zuzendariak, eta Iñaki Labaka saileko aholkulariak emango dituzte azalpenak. Horrez gain, programan parte hartzen ari diren Baserritar Misto Profesionalek ere hartuko dute parte, beren esperientziak partekatuz.
Izena emateko epea zabalik urte osoan
Aurtengo deialdian, berrikuntza nagusi gisa, aurkezpen epea urte osora zabaldu dute. Horri esker, interesdunek urteko edozein unetan egin ahal izango dute eskaera, horrela, izen ematea interesdunei egokien datorkien epera egokituz.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan Foru Aldundiarekin bmp@gipuzkoa.eus helbide elektronikoaren bidez edo aipatutako udalerrietako informazio saioetara bertaratu daiteke.
Informazio saioak ondorengo herrietan egingo dira:
- Elgoibar: Martxoaren 18an, asteazkena, Aita Agirre aretoan.
- Tolosa: Martxoaren 23an, astelehena, Gazte Topagunean (Kultur Etxeko 1. solairuan).
- Azpeitia: Martxoaren 25ean, asteazkena, Basozabal auditorioan.
- Hernani: Martxoaren 27an, ostirala, Etorlurren egoitzan (Ibaiondo industrialdea).
- Ordizia: Martxoaren 30ean, astelehena, Barrena Jauregian.
- Bergara: Martxoaren 31n, asteartea, Aroztegi aretoan.
Informazio osoagoa hemen