Topaketa mediko-gastronomikoa egingo dute Elgoibarren, koloneko minbiziari aurre egiteko

Asier Orbea Ostolaza 2026ko martxoaren 18a

Digestio aparatuarentzako elikagai osasuntsuak.

Koloneko minbizia saihesteko topaketa mediko-gastronomikoa egingo dute Elgoibarren, martxoaren 24an. 

Martxoaren 31n ospatzen den Koloneko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bueltan, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak berriro antolatu ditu topaketa mediko gastronomikoak. Hainbat herritan egingo dituzte topaketok, tartean Elgoibarren.

Medikuntza eta sukaldaritza eskutik

La Union elkarte gastronomikoan (Kalamua kalea, 25) egingo dute Elgoibarko topaketa, eta menu osasungarri bat prestatuko duen sukaldari batek parte hartuko du. Elikadura osasuntsu bat jarraitzeko kontuan hartu beharreko jarraibideak emateaz gainera, ezaugarri horiek biltzen dituen menu bat prestatuko du bertaratutakoen aurrean. Era berean, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko prebentzioko psikologo batek eta digestio arloan espezializatutako Osakidetzako doktore batek ere parte hartuko dute saioan, bakoitzak bere arloari dagozkion ekarpenak eginez. Besteak beste, prebentzioa funtsezkoa dela gogoraraziko dute: elikadura orekatua, ariketa fisikoa eta tabakoa zein alkohola bezalako toxikoak baztertzea dira patologia honi aurre egiteko faktore nagusiak.

Detekzio goiztiarreko proben garrantzia

Saioan zehar, adituek detekzio goiztiarreko proben garrantzia azpimarratuko dute, bereziki gorozkietan ezkutatutako odolaren testa. "Proba higienikoa, ez intrusiboa eta arriskurik gabea", dela adierazi dute. Etxean egin daiteke kit espezifiko baten bidez, eta koloneko polipoak edo lesioak garaiz detektatzea ahalbidetzen du, tumore gaizto bihurtu aurretik. 

Topaketa honen helburu nagusietako bat koloneko minbiziaren inguruko mitoak apurtzea ere bada sustatzaileen berbetan; izan ere, askok uste dute gizonei bakarrik eragiten dien gaixotasuna dela, baina gizon zein emakumeen artean intzidentzia handiena duen minbizia da.

Izena emateko

Antolatzaileek zehaztu dutenez, osasunarekiko kezka duten herritar guztientzako moduko jarduera izango da. Izen-emateak doakoak dira eta elkartearen telefonora deituz (943 457 722) edo gipuzkoa@contraelcancer.es helbide elektronikora mezu bat idatziz egin daiteke izen-ematea.