Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika aisialdi taldea etapa berri batean sartuta dago, eta aldaketa nagusia izan da egitetik eragitera pasatu direla. Horren barruan, Saretzen familia-programa jarri dute martxan, Udalarekin lankidetzan eta Kutxa Fundazioaren laguntzarekin.
"Gure egitekoa euskalduntasuna lantzea da; sentimendua, alegia".
Helburua da 0 eta 5 urte arteko umeak dituzten familietan euskararen transmisioa eta erabilera sustatzea, horretarako espazio eroso eta seguruak eskainita. Ander Osoro Atxutxiamaikako arduradunak honela azaldu du: "Ohartu gara euskara jada ez dela balio erantsia Elgoibarko aisia-eskaintzan, eta hori positiboa da, euskara bermatuta dagoelako aisialdian. Hori dela eta, gure egitekoa euskalduntasuna lantzea da; sentimendua, alegia".
Horretarako, barrutik eragiten dute, estrategikoak diren taldeetan; kasu honetan, familietan. Etxeko hizkuntza hautuak berebiziko garrantzia duela ohartarazi nahi diete familiei, eta, jakina, hautu hori euskararen aldekoa izan dadila sustatu nahi dute. Hasiera batean, familia euskaldunengan jarri dute arreta; hau da, dagoeneko euskaraz egiten duten familia horiek euskaraz gehiago egin dezatela lortu nahi dute: "Etxeko transmisioa beti izan da indargunea euskararen kasuan, baina azken urteotan indar hori ahuldu egin dela konturatu gara, eta uste hori baieztatu egin digu Siadecok Elgoibarko euskararen egoerari buruz egin duen azken ikerketak". Hala ere, Siadecoren datu baten arabera, Elgoibarko hamar familiatik zortzik garrantzi handia ematen diote seme-alabek euskaraz jakiteari. Testuinguru horretan sortu dute egitasmo hori.
Jakitun dira Elgoibarko hizkuntza aniztasuna zabala dela, eta saiatu dira ahalik eta egitasmo osatuena prestatzen, euskarara hurbildu nahi duen inor kanpoan ez lagatzeko. Sinistuta daude familia euskaldunak saretzen eta trinkotzen hasi behar dutela, horiek izan daitezen gero gainerako familien erreferente.
Lau lan-lerro
Programa horretan, familiei espazio seguru eta erosoak eskaini nahi dizkiete, euskaraz hitz egiteko eta haien arteko harremanak sendotzeko. Jean Piagetek haur baten garapenean bereizten ziren estadioak definitu zituen, eta haren teorian oinarritu dira Saretzen egitasmoa diseinatzeko. Piagetek lau estadio bereizi zituen, eta horietatik lehenengo biak hartu dituzte kontuan: familiak bakarka bizi diren etapa eta sozializatzen hasten direna. Hortaz, 0-2 adineko etapan, familiek ez dute hartu-eman handirik izaten beren egoeran dauden beste familiekin. Egoera horretan dauden familiek elkar ezagutzeko eta kezkak partekatzeko sortu dituzte Familiagunea eta Solasaldia atalak; eta, aldiz, familiak sozializatzen hasten direnerako diseinatu dituzte Tailerrak eta Planak.
Familiagunea
Familiak batzeko eta euskaraz aritzeko gunea izango da, gurasoek dituzten kezkez eta beharrez jarduteko espazio segurua. Besteak beste, euskararen transmisioan eta erabileran aurrerapausoak emateko estrategiak landuko dituzte. Hilean behin bilduko dira, astelehenetan, 17:00etatik 18:30era, Udal Ludotekan, eta Naiara Martin izango da gidaria.
Solasaldiak
Gurasotasunak sortzen dituen zalantzei erantzuteko espazioa izango da. Horretarako, gai bakoitzaren gaineko azalpenak emango dituen adituak gonbidatuko dituzte. Zalantza horiek
argitzeaz gain, partaideen arteko ezagutza eta hartu-emana sustatuko dira. Urtean hiru saio egitea aurreikusi dute. Partaideen gaitasun linguistikoaren arabera, aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko dute
Tailerrak
HH-3 eta HH-5 arteko umeak dituzten familientzako tailerrak egingo dituzte, gurasoen eta umeen arteko harremanak sendotzeko. Martxotik ekainera bitartean, hilean behin egingo
dituzte, igandeetan, 16:30etik 18:30era, Udal Ludotekan. Horrez gain, haurdun dauden emakumeentzako eta haien bikotekideentzako beste tailer bat egingo dute, familiako hizkuntza aukeratzeak duen garrantzia azaltzeko.
Planak
Hilean behin jolasa kalera aterako dute, jolasgune irekiek harremanak sortzeko ematen dituzten aukerak aprobetxatzeko. Horrez gain, bi txango egingo dituzte, familien arteko bizipen positiboak sustatzeko, euskaraz. Euskara ondo pasatzearekin lotu nahi dute, sinisten dutelako modu horretan areagotuko dutela euskararen erabilera. Ekainean eta azaroan egingo dituzte irteerak.