Proiektuaren diseinuan eta garapenean gidari izan dute Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea, zeina Udalaren laguntzarekin aritu da.
Ekimenaren sustatzaileek azpimarratu dutenez, duten talde eragilea "oso zabala eta aberatsa da", herriko eragile ugariren begiradak batzen dituela-eta, besteak beste, honakoak: Udaleko Gazteria, Hezkuntza eta Euskarako ordezkari politiko eta teknikoak, Herri Eskola, Ikastola eta Institutuko zuzendaritzak, Ludoteka eta Gaztelekuko hezitzaileak, Atxutxiamaikako arduradunak, Musika Eskolako zuzendaritza eta gurasoen ordezkariak.
Azaldu dutenez, aipaturiko partaide guztiek bat egiten dute egitasmoaren helburuan; eta da, Elgoibarren hizkuntza- eta kultura-aniztasuna modu positiboan bizi eta kudeatzeko baliabideak sortzea, eta euskara komunikazio-hizkuntza gisa indartzea, herritar guztiak barne hartuta.
Gaineratu dutenez, sakon lan egin dute azken hilabeteetan, bai udalean, eta baita ikastetxeetan ere. Besteak beste, marko teorikoa eta jardun ildoak adostu dituzte, eta irakasleen, zuzendaritzen eta familien "parte-hartze zabalarekin" hainbat formatu eta proposamen garatu. Hitzaldi-solasaldi bat egin zuten otsailaren 26an, “Euskara eta kulturartekotasuna gure eskolan” izenburupean, eta 90 irakasletik gora elkartu ziren topaketa hartan, "herriko errealitate linguistikoaren inguruko gogoeta aberatsa" egiteko.
Saio irekia, martitzenean
Orain, proiektuaren bigarren fasean, herritar guztiei irekitako saioa egingo dute martitzen honetan, martxoaren 24an. “Nola bizi dugu hizkuntza eta kultura aniztasuna Elgoibarren” gaiaren inguruan arituko dira, eta proiektuaren nondik norakoak "modu ulergarrian" azalduko dituzte. Zehaztu dutenez, saioaren helburua ez da informazioa ematea soilik; herritarren ikuspegia eta bizipenak ere jaso nahi baitituzte, "guztion artean Elgoibarko hizkuntza- eta kultura-aniztasuna era baikorrean lantzeko".
Udalak parte hartzera animatu ditu herritarrak. "Elgoibarren aniztasuna modu integratzailean kudeatzea guztion ardura da, eta proiektu honek bide bat irekitzen du elkarrekin eraikitzeko", adierazi dute.
- Aita Agirre kulturguneko areto nagusian izango da saioa, 18:00etan. Saioa euskaraz izango da, aldibereko itzulpenarekin. Mondragon Unibertsitateko irakasle Karmele Perez eta Ane Urizar arduratuko dira saioa gidatzeaz eta dinamizatzeaz. Elgoibarren jaso dituzten hainbat datu emateaz gainera, hainbat konturen inguruan arituko dira, besteak beste: kulturartekotasuna eta kulturarteko hezkuntza, familiak eta euskara, integrazioa eta identitatea. Bertaratzen direnekin Elgoibar nola irudikatzen duten eta zer egiteko prest dauden ere landuko dute, eta herrian dauden aukerez eta erronkez.