Elgoibarren estreinatu dute Dolmenen Ibilbideari buruzko erakusketa ibiltaria, eta datozen hilabeteetan Bergaran eta Soraluzen ere jarriko dute ikusgai. Elgoibarkoa Aita Agirre kulturgunean jarri dute, eta ostegunera arte egongo da zabalik, arratsaldez.
Dolmenen Ibilbideari buruzko panel informatiboak jarri dituzte, baina horiez gain, ibilbide megalitikoan egin dituzten indusketetan aurkitutako piezak ere ikusgai daude. Lau bitrinatan banatuta, 50 bat pieza batu dituzte, orain dela 4.000 eta 6.000 urte bitartekoak. Pieza horiek garai hartako elikadura, ehorzketa eta, oro har, bizimoduaren berri ematen dute.
Erakusketaz gain, Debegesak eta hiru udalek beste hainbat ekimen antolatu dituzte. Esaterako, solasaldia adituekin: apirilaren 21ean, 18:00etan, Bergarako Aroztegi aretoan. Bertan izango dira Miriam Cubas (historiaurreko zeramikan aditua), Ignacio Montero (arkeometalurgian aditua), Francisco Etxeberria (antropologia fisiko eta forentsean aditua) eta Monica Ruiz Alonso (ikatz eta hazi karbonizatuen analisian aditua).
Bestalde, apirilaren 21ean, Dolmenen ibilbidearen gaineko ikusentzunezko bat ere aurkeztuko dute Soraluzen, adituen eta herritarren testigantzak jasoko dituena. Azkenik, bi bisita gidatu ere antolatuko dituzte Dolmenen Ibilbidean zehar, bata, martxoaren 21ean, euskaraz eta bestea, maiatzaren 2an, gazteleraz.
Antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte ekitaldietan parte hartu eta historiaz gozatzera.

