Fabrikazio aurreratuaren campusa jarriko du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak IMHn

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko martxoaren 24a

Fabrikazio aurreratuaren campusa aurkeztu zuten atzo IMHn. 1.250.000 euroko inbertsioa dauka eta 2026an zehar osatuko dute. 

Gipuzkoako Foru Aldudiak fabrikazio aurreratuaren campusa jarriko du martxan, berrikuntza eta prestakuntza industriala sustatzeko. Elgoibarko IMHren instalazioetan dagoen campusa 2026an zehar osatuz joango da, fabrikaziorako pentsatutako doitasunezko robotikako teknologiarik berritzaileenaz hornitutako azpiegitura batekin. Espazio berri horrek jarraipena ematen dio Aldundiak urteetan zehar campusean egin duen apustuari. Apustu horrek hainbat laborategi ditu oinarri (Manufacturinga, Digitalizazioa, Robotika, Fabrikazio Aditiboa eta Diseinua), elkarren artean lotutak eta sinergikoak, industria ingurune erreal batean prestakuntza aurreratua emateko eta irtenbide industrialak erakusteko, garatzeko, probatzeko eta baliozkotzeko sortuak. Gune horrek enpresen arteko lankidetza irekia bultzatuko du, zentro teknologikoen, unibertsitateen eta lanbide heziketaren ekosistema indartsuarekin, eta industria sarearen lehiakortasuna indartzen lagunduko du. 1.250.000 euroko inbertsioa dakar espazio berri honek. 

Danobaten dBOT robota

IMHk fabrikaziorako doitasun handiko robotikari buruzko prestakuntzan aintzindari bihurtzeko aktibo nagusi bat izango du: Danobatek garatu eta fabrikatu duen dBOT
doitasun robota. Ohiko robotek baino hiru aldiz zehaztasun handiagoa eta hamar aldiz zurruntasun dinamiko handiagoa du, eta ondorioz,  ikasleei, enpresei eta profesionalei robotikan eta doitasun fabrikazioan trebatzeko aukera ematen die.

Xabier Alzaga, Danobateko CEOak honela azaldu zuen: "Campusaren gaitasunak konponbide robotiko berritzaile horrekin osatu ahal izateak roboten bidezko fabrikazioaren munduan erreferente bihurtzen gaitu. Guretzat, gainera, testatzeko eta garatzeko leku ezin hobea izango da, ezagutza berria eta enpresa, gazte eta profesionalekiko elkarreragina ekarriko dizkiguna, gure ikusgarritasuna nabarmen areagotuz".

Fabrikazio Campusean, bestalde, bost laborategi osagarri eta sinergiko daude:

  • Manufacturing Lab:  mekanizazioa, metrologia eta balidazio industriala baldintza errealetan egiteko.
  •  Robot Lab: robotika industriala, lankidetzakoa eta mugikorra, benetako ekoizpen inguruneetan aplikatzeko.
  • Design Lab:  diseinu aurreratua eta produktuaren ingeniaritza baliozkotze birtualarekin lantzeko. 
  • 3D Lab: fabrikazio gehigarria eta prototipoak egiteko,  eta berrikuntza bizkortzeko. 
  • Digital Lab:  datuak atzeman eta  ikusmen artifizialerako.

 

Laborategi bakoitzak berrikuntza teknologikoa prestakuntza aurreratuarekin eta frogapenarekin uztartzen ditu, eta ikasleei eta profesionalei azken belaunaldiko industria inguruneetan zuzenean ikasteko eta esperimentatzeko aukera ematen die.

Aurkezpenean hauek izan ziren: Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Jose Perez Berdud AFMko presidentea, Xabier Ortueta IMHko presidentea eta Xabier Alzaga Danobateko CEOak.  Jaione Ganzarain Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea, Unai Andueza, sustapen ekonomikoko eta proiektu estrategikoetako diputatua eta Maialen Gurrutxaga, Elgoibarko alkatea ere izan ziren bertan.

Eider Mendozaren esanetan, makina-erremintaren eta fabrikazio aurreratuaren sektoreak, izaera enblematikoa izateaz gain, funtsezko garrantzia du Gipuzkoako industriarentzat. Lurraldean errotutako jarduera da, eta ezagutza, teknologia, berrikuntza eta garapen ekonomikoa sortzen ditu. Gure lurraldea gaitasun industrialen abangoardian kokatzen du, eta azken apustu honekin Gipuzkoak sektorearekiko duen konpromiso irmoa berresten du. Gipuzkoak, berrikuntza eta lankidetzarako espazio berri honen bidez, beste behin ere espezializazio berritzailea sustatzeko apustua egiten du, bereziki gaitasun nabarmenak dituen sektoreetan. Helburua da gaur egungo enpresek lehiakortasunean aurrera egitea eta etorkizuneko jarduera eta kalitatezko enplegua bermatuko dituen industriaren oinarriak sendotzea".