Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarra kultur elkarteak Errenta aitorpena euskaraz! izeneko ekimenarekin bat egin dute, herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera animatzeko.
Euskarazko aitorpenak, gora
Eragileek eman dituzten datuen arabera, euskaraz egiten diren errenta aitorpenen kopuruak gora egin du urtetik urtera: 2008an 514 lagunek egin zuten euskararen aldeko hautua errenta aitorpenean –%8,05–, eta 2020rako bikoiztu egin zen kopuru hori: 1.068 lagunek egin zuten orduan errenta aitorpena euskaraz; zergadunen %17,95ek, hain zuzen. 2024an, berriz, 1.199 elgoibartarrek egin zuten errenta aitorpena euskaraz –%19–, eta 2025ean, 1.288 lagunek –%20–.
Gipuzkoan, bestalde, 2025. urtean –2024ko ekitaldia– 83.818 zergadunek –familia unitateak– egin zuten errenta aitorpena euskaraz; hain zuzen ere, aitorpen guztien %20. Elgoibarko datuak, beraz, Gipuzkoako datuen parekoak dira.
Hiru bide daude aitorpena egiteko, eta guztietan erabil daiteke euskara: autolikidazio-proposamena telefonoz edo Internetez onartzean, aitorpena euskaraz egiteko nahia adierazi daiteke. Errenta mekanizatua egiten dutenek bulegoan laguntzen duen langileari aitorpena euskaraz egin nahi dutela adierazi beharko diote, eta gauza bera egin beharko dute aitorpena egiteko bankuan edo aholkularitza-bulego batean egiten dutenek. Azkenik, Foru Ogasunaren Zergabidea plataforman ere egin daiteke euskararen aldeko hautua.