Euskara eta kulturartekotasuna landu dituzte herritarrek, etorkizunerako Elgoibar eraikitzeko

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko martxoaren 25a

Euskararen erabilera, aniztasuna eta herri kohesionatua eraikitzeko erronkak landu dituzte herritarrek, Aita Agirren izan den saio irekian. 

Elgoibarko Udalak herritarrentzako topaketa ireki batean euskararen erabileraren egoera, kulturartekotasunaren ulermena eta gaur egungo herri‑erronka nagusiak jarri ditu erdigunean. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle diren Karmele Perez eta Ane Urizarrek gidatu dute saioa.  Topaketa hau urte osoan zehar egindako lan sakon baten emaitza da. Udalak, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatearekin elkarlanean, eragile desberdinekin osatutako “mahaia” sortu zuen, herriko egoera soziolinguistikoa eta kulturartekotasunaren erronkak modu partekatuan aztertzeko. Mahai horretan hezkuntza‑komunitateko ordezkariak, elkarteak, udal teknikariak eta bestelako eragile sozialak aritu dira, ikuspegi anitzak jasotzeko eta proposamenak modu bateratuan lantzeko. 

Hainbat datu

Ikerketaren testuingurua kokatzeko hainbat datu eman zituzten: elgoibartarren %36,2k hitz egiten dute euskaraz herriko kaleetan; gehien, umeek. Herritarren %61,6k gaztelaniaz hitz egiten dute eta %2,2k beste hizkuntza batzuk erabiltzen dituzte. Eustat-en 2021eko datuen arabera, Elgoibarko biztanleen artean %61,74 dira euskaldunak, baina, aldiz, etxean euskaraz hitz egiten dutenak %27 dira. Biztanleen %49k gaztelaniaz hitz egiten dute etxean, %19k bi hizkuntzak erabiltzen dituzte eta %4k beste hizkuntzaren bat erabiltzen dute etxean. Elgoibarren bizi direnen jatorriari dagokionez, 2020ko udal erroldan jasotako datuak eman zituzten, eta, horren arabera, hogei dira etorkinen jatorri nagusiak. 1.448 etorkin zeuden erroldatuta Elgoibarren, eta horietako 289 marokoarrak ziren (%20), Nikaraguakoak 232 (%16) eta boliviarrak 140 (%9,7). 

Saioan kulturartekotasunaren kontzeptua bera ere azaldu da: kultur aniztasunak presentzia adierazten duen bitartean, kulturartekotasunak elkarreragina, truke aktiboa eta elkarrizketa eskatzen dituela azpimarratu da. Hezkuntza inklusiboak eta ikuspegi interkulturalak duten garrantzia nabarmendu da, bai eskola‑testuinguruan, bai herri‑dinamikan. 

Azkenik, etorkizunerako herri kohesionatua lortzeko aukerak eta erronkak aztertu zituzten, eta horren barruan norbera zer egiteko prest dagoen ere landu zuten.