Udal Gobernuak hondakin organikoaren edukiontziaren gutxieneko erabilera zehaztu zuen, eta kopuru horretara iristen ez ziren herritarrei zaborraren tasan gainkarga bat ezarriko zietela ohartarazi zuen. Erabaki hori bertan behera laga dute aldi baterako, eta EH Bilduk uste du erabaki aldaketa horrek kudeaketa arazo bat laga duela agerian: Ezker koalizioak uste du hartutako erabakia norabide zuzenean zihoala "gehien kutsatzen duenak gehiago ordaindu behar duela" printzipioan oinarritzen zelako, are gehiago, gure udalerria ez denean iristen gutxieneko birziklatze mailara.
Gaineratu dute Udal Gobernuak gai hau ez duela behar bezala kudeatu eta haien iritziz argi geratu da "neurri zuzen batek porrot egin dezakeela", inplementazio desegoki baten ondorioz: "Zuzenketa horrek kudeaketa-akatsak agerian uzten ditu, eta atzerapena edo, gutxienez, moteltzea dakar, garapen iraunkorreko eredu baterantz aurrera egiteko jarraitu behar dugun bidean, bai ingurumen-erantzukizunagatik, bai Europak hala eskatuta", adierazi dute.
Hondakinen Mahaia martxan jartzeko eskaera berretsi du Bilduk, inplikatutako eragile guztien artean neurri eraginkorrak hartzeko.