Zuhaitz Gurrutxaga: "Salto kualitatibo bat eman dut obra honekin"

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko martxoaren 26a

Escape Room antzezlanarekin igoko da Zuhaitz Gurrutxaga bihar, ostirala, Elgoibarko Herriko Antzokiko oholtzara. 

Zuhaitz Gurrutxaga (Elgoibar, 1980) futbolari moduan egin zen ezagun, baina futbol kontuak aspaldikoak ditu dagoeneko, eta kulturgintzan dihardu azken urteotan. Musikaria izan da, telebistako aurkezlea, bakarrizketaria, aktorea eta abar. Oholtza gustuko du Gurrutxagak: bihar, Escape room antzezlanarekin iritsiko da Herriko Antzokira. 19:00etan hasiko da emanaldia, eta sarrerak eskuratzeko aukera dago oraindik, Herriko Antzokiko webgunean edota txarteldegian bertan. 

Escape room antzezlana aurkeztuko duzue bihar, Elgoibarren. Zer da?

Komedia ero bat da. Lagunak diren bi bikote escape room gela batean sartzen dira, eta handik irteteko egin behar duten ahaleginean oinarritzen da obraren trama nagusia. Bikoteentzat ezezagunak diren beste istorio batzuk ere nahastuko dira tartean, eta jolas sinple bat izan behar zuena bilakatuko da elkar ezagutzeko egoera bat. Sorpresak eta disgustuak ere biziko dituzte protagonistek. 

Badirudi umorezko obrek hobeto funtzionatzen dutela antzokietan. Zer uste duzu?

Bai, izan daiteke. Obra oso atsegina da, eta jendeak barre egiten du. Oso dinamikoa da, eta ikuslea une oro sentituko da obraren barruan. Gauza asko pasatzen dira; oso erritmo bizia dauka. 

Zein da zure papera?

Obra profesional bat egiten dudan seigarren aldia da hau, eta orain arte beti izan naiz bigarren mailako protagonista, normala den moduan. Hasieratik ezin da protagonista nagusi izan, eta are gutxiago Joseba Apaolaza, Iker Galartza eta halako aktore handiak alboan izanda. Baina oraingoan salto kualitatibo bat eman dudala iruditzen zait, eta lan honetan besteetan baino erantzukizun handiagoa daukadala uste dut. Lau gara aktoreak, eta denok gara protagonistak maila berean. Horrek motibatzen nau, eta gustura nabil. 

Futbolari izan zinen, eta, gaur egun, hainbat kultur diziplinatan ari zara. Dena zure kabuz ikasi duzu?

Hala da, bai. Horrek ez nau harro sentiarazten, baina intuizioz iritsi naiz honaino. Nahiago nuke formazio gehiago izango banu; badakit inoiz ez dela berandu ikasteko, baina aukerak iritsi direnean iritsi dira, modu arraroan, eta etorri diren moduan hartu ditut. Batzuk formatu egiten dira lehenengo eta gero egiten dute oholtzara salto; nik, aldiz, oholtza gainean ikasi dut dakidan guztia. Gogoan daukat lehenengo bakarrizketa egin nuenean ia ez nekiela bakarrizketa zer zen ere. Musikari nenbilen orduan, eta abestien azalpenak ematen nituen kontzertuetan. Konturatu nintzen jendeak arreta gehiago jartzen zuela azalpen haietan abesten nuenean baino, eta horrela animatu nintzen bakarrizketa bat egitera. Lehenengo saiora 600 lagun etorri ziren! Izugarria! Gerora, antzerki baterako deitu zidaten, eta, nire zalantza guztiekin, aurrera egitea erabaki nuen. Gauza kurioso batekin ohartu naiz: futbolari nintzela, entrenamenduetan ondo ibiltzen nintzen, baina futbol zelaian publikoaren aurrean presio gehiegi sentitzen nuen eta oso gaizki pasatzen nuen. Orain, alderantziz da; oholtzan eta publikoaren aurrean hazi egiten naiz. Publikoa irakurtzen ikasi dut, eta, askotan, publikoak berak esaten dit ondo ari naizen edo ez. Entrenamenduetako mutila izatetik, oholtzakoa izatera pasatu naiz.

Herriko Antzokiko oholtzara igoko zara gaur. Horrek are gehiago haziko zaitu ala, kontrara, beldur eszenikoa ematen dizu zure herrian antzezteak?

Oso topikoa da esango dudana eta aktore guztiek gauza bera esaten dute, baina, dudarik gabe, oso berezia da norbere herrian antzeztea. Kasu honetan, gainera, harro esan dezaket Elgoibarrera etortzen naizen bakoitzean publikoak oso ondo hartzen nauela. Esaten da ez dela erraza norbere herrian profeta izatea, baina Herriko Antzokian sentitzen dudana hunkigarria da. Aktore moduan baino gehiago, herriak pertsona moduan ondo hartzen nauela sentitzen dut, eta horrek poz handia ematen dit. Oso eskertuta nago. 

Formaziorik ez duzu egin, baina aktore handiak izan dituzu alboan. Gomendiorik emango zizuten.

Haien ondoan lan egitea sekulakoa izan da. Galartza, Apaolaza... euskal antzerkigintzako handiak dira, eta ni oso lasai irten izan naiz oholtzara haiekin. Formaziorik ez daukat, baina aktore handien ondoan, atentzio apur bat jarrita, asko ikasten da. Eta gomendioak eman izan dizkidate, jakina. 

Oholtzatik telebistara ere egingo duzu jauzi: Superra telesaileko aktoreetako bat izango zara, berriro ere aktore handien ondoan.

Bai, hala da; nire lehenengo aldia izango da telebistarako aktore lanetan. Errespetu handia ematen zidan horrek, baina Galartza tartean egonda lasaitu egin nintzen, hark badakielako ni noraino iritsi naitekeen, eta badakizki nire mugak zein diren. Beraz, baietz esan nien. Urduri joan nintzen grabaziora lehenengo egunean. Aitziber Garmendia, Anjel Alkain, Iker Galartza... Beste asko ere badaude, baina hiru horiek top dira, eta haiekin lan egiteak errespetua ematen zidan. Askorik ez sufritzea zen nire asmoa, eta, azkenean, izugarri gozatu dut. 

Zein paper beteko duzu telesailean?

Ni ez naiz aktore handia. Paper zehatz batzuk defendatzen ditut, eta arduradunek ere hori badakite; beraz, nire tamainako papera eman didate. Supermerkatu txiki bateko jabeak dira Alkain eta Galartza, eta haien iloba da Garmendia. Parean supermerkatu handi bat zabalduko dute, eta hango gerentea naiz ni. Hor sortuko dira gure arteko eztabaidak.  

Horrez gain, aretoak betetzen segitzen duzu buruko gaixotasunari buruzko bakarrizketarekin. 

Bai; ondo funtzionatzen ari da. Bakarrizketa oso pertsonala da, eta une batzuetan komedia baino gehiago drama dela esango nuke, baina publikoak ondo hartzen du. Primizia bat emango dizuet: apirilaren hasieran New Yorken estreinatuko dut bakarrizketa. Futbolistok-en eta Nortasun agiria-ren arteko nahasketa bat prestatzen ari naiz, eta sei emanaldi lotu ditut Queens auzoko antzoki baterako. Gaztelaniaz egingo dut, baina hasi naiz testua ingelesera itzultzen, eta bakarrizketa ingelesez egitea izango da nire hurrengo erronka. Kontua da institutuko garaitik ez dudala ingelesa erabiltzen, eta oso herdoilduta daukat. Orain hasi naiz umore pixka bat egiten sare sozialetan ingelesez, hizkuntza praktikatzeko. Zorionez, memoria oso ona daukat: testuak buruz ikasten ditut eta gero bideoan botatzen ditut. Bakarrizketa ingelesez ikastea ez da erraza izango, baina saiatuko naiz. Ez da nire asmoa Broadwayn arrakasta izatea, baina gustatuko litzaidake saioren bat ingelesez egitea.