Udaletik prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, euskal industriaren historia gorde eta zabaltzen duen museoa gertutik ezagutzera etorri ziren agintariak joan den martxoaren 17an. Bengoetxea, Jaurlaritzako lehen lehendakariordea izateaz gainera, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua ere bada. Agintariei egin zieten bisita gidatuan museoko makina esanguratsuenei buruzko azalpenak eman zizkieten, sektoreak izan duen bilakaera historikoa bisualki ikusi eta ulertzeko piezak baitira makinok. Museoko arduradunek inguruko enpresek egindako ekarpenen inguruko xehetasunak ere eman zizkieten, eta baita Elgoibarrek makina-erremintaren erreferente izateraino egin duen ibilbideari buruzkoak ere.
Maialen Gurrutxaga alkateak azaldu zien Elgoibar makina‑erremintaren sorleku historikoa dela eta ohorea dela euskal erakunde nagusiek herriaren ondarea aintzat hartzea. “Elgoibarrek industria‑ondare paregabea du, eta museo hau gure herriaren nortasuna ulertzeko funtsezko gunea da. Udaletik argi daukagu elkarlanak egiten gaituela sendoago, eta erakundeen arteko lankidetza horri esker, Elgoibarrek eskaintzen duen guztia —kulturalki, teknikoki eta historikoki— beste maila batera eramateko aukera dugu”.

