Bideo bat zabaldu dute, non hainbat idazle eta dramaturgo ezagunen esaldiak ekarri dituzte gogora, besteak beste, Bertold Bretch, Federico Garcia Lorca, Arthur Miller, Pedro Calderon de la Barca edo William Shakespeare idazleen berbak.
Willen dafoe antzezlearen mezua
Antzerkiaren Nazioarteko Eguna Unesco erakundearen Antzerkiaren Nazioarteko Institutuak (ITI) sortu zuen, 1961an, eta harrezgero urtero ospatzen dute, martxoaren 27an. Antzerkiak kulturan duen garrantzia aldarrikatzen du gaurko egunak. Nazioarteko figura ospetsu batek mezu bat idazten du urtero, artearen, bakearen eta elkarrizketaren aldeko gogoeta eginez. 2026eko mezua Willen Dafoe aktore eta antzerkigile estatubatuarrak sinatu du. Ideia sinple baina indartsu bat azpimarratzen du idatzian: antzerkiak zentzua du bertan gaudenean bakarrik. Pantailaz, konexio digitalez eta erritmo azkarrez betetako mundu honetan, antzerkiak oraindik eskaintzen du ezin erreproduzitu eta ezin atzeratu daitekeen zerbait: unean bertan partekatutako esperientzia. Topaketa bat.
Euskadiko Antzoki Sarea (Sarea) elkartekoek euskaratu dute Dafoeren mezua (jatorrizko mezua ingelezez -PDF-). Honatx mezua euskaraz:
Antzerkiaren Nazioarteko Egunaren mezua 2026 (Willem Dafoe)
Aktorea naiz, batez ere zineman egindako lanagatik ezaguna. Hala ere, nire sustraiak antzerkian daude sakon errotuta. 1977tik 2003ra The Wooster Group taldeko kide izan
nintzen, New Yorkeko The Performing Garage aretoan sortzen eta antzezten, eta mundu osoan barrena birak egiten. Richard Foreman, Robert Wilson eta Romeo Castelluccirekin ere lan egin dut. Gaur egun, Veneziako Antzerki Bienaleko zuzendari artistikoa naiz. Esperientzia horiek guztiek, munduan gertatzen ari denarekin batera, antzerkiak duen indar berezi eta positiboan sinestera eraman naute, baita bere garrantziaz ohartzera ere.
Wooster Group taldean hasi nintzenean, askotan oso ikusle gutxi izaten genuen gure emanaldietan. Batzuetan, oholtzan geundenak baino publiko gutxiago egoten zen, eta halakoetan emanaldia bertan behera uzteko aukera genuen. Baina ez genuen inoiz gin. Taldeko kide askok ez zuten antzerkiko prestakuntza formalik; diziplina ezberdinetatik etorritako pertsonak ginen, elkarrekin antzerkia egiteko elkartuak. “Ikuskizunak aurrera egin behar du” ez zen gure leloa, baina publikoarekin genuen hitzordua mantentzea gure ardura zela sentitzen genuen.
Sarri, egunez entseatzen genuen, eta arratsaldean edo gauean, egiten ari ginen lana erakusten genuen, oraindik osatu gabe zegoen bezala. Batzuetan urteak ematen genituen
pieza berean lanean, aurreko lanekin bira eginez bizirauten genuen bitartean. Prozesu luze horiek nekagarriak izan zitezkeen, eta entseguak batzuetan gogorrak egiten zitzaizkidan. Baina lan-prozesuan zeuden emanaldiek beti sortzen zuten zirrara berezi bat, nahiz eta ikusle gutxi egoteak gure lanarekiko interes eskasa adierazten zuela ematen zuen. Hala ere, horrek argi utzi zidan zerbait: ikusleak, gutxi izan arren, lekuko gisa, funtsezkoak direla antzerkiari zentzua eta bizitza emateko.
Apustu-etxe bateko kartelak dioen bezala: “Irabazteko, bertan egon behar duzu”. Sorkuntza-ekintza baten esperientzia partekatua, une berean gertatzen dena —nahiz eta egituratua egon, beti ezberdina dena—, antzerkiaren indargune nagusietako bat da. Gizartean eta politikan, antzerkia inoiz baino beharrezkoagoa da geure burua eta mundua ulertzeko. “Gelan dagoen elefantea” teknologia berriak eta sare sozialak dira: konektatzeko promesa egiten dute, baina sarritan pertsonak sakabanatu eta isolatu egiten dituzte. Nik neuk ere ordenagailua egunero erabiltzen dut, sare sozialik ez dudan arren; nire burua bilatu dut Interneten, eta adimen artifizialera jo dut informazio bila. Baina begiak itxita izan behar dira ez ikusteko giza harremanak gailuekin ordezkatzeko arriskua dagoela. Teknologiak lagungarri izan daitezke, bai, baina komunikazioaren beste aldean nor dagoen ez jakiteak egiarekiko eta errealitatearekiko zalantza handiak sortzen ditu. Internetek galderak sor ditzake, baina oso gutxitan harrapatzen du antzerkiak sortzen duen lilura: arreta, parte-hartzea eta une berean bildutako komunitate baten indarra.
Aktore eta sortzaile moduan, antzerkiaren indarrean sinesten jarraitzen dut. Gero eta zatituagoa, kontrolatuagoa eta bortitzagoa dirudien mundu honetan, gure erronka da antzerkia ez bihurtzea distrakziora bideratutako entretenimendu huts, ezta tradizioak gordetzen dituen egitura zurrun ere. Aitzitik, bere gaitasuna indartu behar dugu pertsonak, komunitateak eta kulturak konektatzeko, eta, batez ere, norantz goazen galdetzeko.
Antzerki handiak pentsatzeko dugun modua astintzen du, eta izan nahi dugun hori irudikatzera gonbidatzen gaitu. Izaki sozialak gara, munduarekin harremanean egoteko sortuak. Gure zentzumen bakoitza topaketarako ate bat da, eta topaketa horien bidez definitzen dugu hobeto nor garen. Istorioen bidez, estetikaren bidez, hizkuntzaren, mugimenduaren eta eszenografiaren bidez, antzerkiak —arte oso gisa— iraganari, orainari eta etorkizun posibleei begiratzeko aukera ematen
Aurtengo mezuak gure harremanak ere birpentsatzera gonbidatzen gaitu. Teknologiak konektatzeko promesa egiten du, baina askotan distantzia sortzen du. Antzerkiak, ordea, kontrakoa proposatzen du: denbora eta espazio bera partekatzea.
