Ruiz de Infante eta Erasun nagusi Elgoibarren jokatu duten Nafarroako Irekiko jardunaldian

Asier Orbea Ostolaza 2026ko martxoaren 30a

Ainhoa Ruiz de Infante pilota jo ostean. Arg: Mikel Askasibar.

Nafarroako Irekiko bigarren jardunaldiko partidak jokatu zituzten, domeka eguerdian, Ikastolako frontoian.

Partida nagusian Ainhoa Ruiz de Infantek egindako lana nabarmendu behar da. Aurrelari otxandiarrak agindu zuen partidan. Haren pilotakadek aurkarienek baino abiadura handiagoa zuten, eta bizitasun horrek deseroso sentiarazi zituen aurkariak, egungo Binakako txapelduna den Sagardui eta Capellan. Itxaso Erasun sendo aritu zen atzeko koadroetan. Jokoan izan zen aldea markagailuan islatu zen azkenerako, eta Ruiz de Infantek eta Erasunek 22-16 irabazi zieten Sagarduiri eta Capellani.

Jaialdiko lehen partidan, Galdos-Gomezek ere erraz antzean irabazi zieten egunik onena eduki ez zuten Insaustiri eta Berasaluzeri (18-11). 

Pilota jaialdia, irudietan (Argazkiak: Mikel Askasibar/Elgoibarko Udala)

Nafarroako Irekia Zugarramurdin hasi zen zapatuan, eta Elgoibarkoa izan zen bigarren jardunaldia. Zortzi bikote arituko dira lehian, tartean zazpi nafar. Txapelketa Nafarroako hainbat herritatik igaroko da, baina finalerdiak Tolosan jokatuko dituzte, apirilaren 26an. Finala, maiatzaren 3an izango da Iruñeako Labrit berrituan.